Mozkortia, Pederasta eta hiru gameluak

Mozkortia, Pederasta eta hiru gameluak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mozkortia-pederasta-eta-hiru-gameluak/@@download/image/3p20-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Azpilikueta
Euskal Herria, mundu osoan gabonetan opari ekarle gehien duen herria. Horixe da gure ezberdintasun nagusia, ez euskara, ez historia, ez ezer. Zeintzuk dira benetan Euskal Herriko umeei opariak ekartzen dizkieten pertsonaiak?

Hodei fosforeszentea ikusi zuten jentilek Aralar gaineko ortzean. Ezinegonean, zaharrenari galdetu zioten ea zer ote zen hura. Agurea erdi itsuturik zegoen eta tontorrik garaienera eramateko eskatu zien. Halaxe egin zuten eta han goian garbi ikusi zuen. "Kixmi jaio da eta gure arrazaren akabera ekarriko du", erran zuen. "Amildu nazazue, arren". Jentilek, nola ez, agurea amildu zuten eta, euren ergeltasunean, estropozo egin, eta maldan behera erori ziren eurak ere. Jentil bakarrak erdietsi zuen beheraino bizirik ailegatzea, Olentzero. Harrez geroztik, Olentzerok Kixmi (Jesukristo lagunartean) jaio zeneko berri ona zabaltzen du urtero euskaldun zintzoen artean.
Eta guk txikitan, gure ergeltasunean, sinetsi egin genuen eta amildu egin ginen. Elkarte gastronomiko-kulturalak antolatu desfilea ikustera joaten ginen eta, itzultzen ginelarik, hantxe genuen, logelan, amesturiko Playmobil ontzi pirata. Berria eta ona! Olentzerok ekarria ezbairik gabe, mahai gaineko bi Errioxa ardo botilak husturik zeuden eta.
"Eta Jainkoaren berri ona?", galdetzen zuen amatxi gaixoak. "Ixo, ez duzu ikusten ontziak uretan flotatzen duela?!" Eta zeraren kontu erlijiosoa zeharo alboratzen genuen. Hippya jaio zela? Eta? 33 urteren buruan hilko zuten berriro ere Judasen traizio pekuniarioa medio. Eta, bitartean, ontzi piratak flotatzen segituko zuen? Horrek zuen garrantzia guretako.
Opari ekarleen alde ezkutua
Eta hurrengo bi asteak emanen genituen egunero ontzia baineran sartzen. Eta, bien bitartean, telebistak lodikote bizarzuri baten andantzak eta mudantzak goitikatuko zituen. Aita Noel erraten zion Espainiako telebistak eta Frantziakoak, aldiz, Santa Klaus. Eta berriro ere betiko kontua, euskaldunok ezin ados jarri eta batzuek Aita Noel eta beste batzuek, Santa Klaus. Baina guri bortz, ez baitzitzaigun gustatzen. Coca Cola uniforme horren gibelean bazegoen ezkutuko zerbait. Eta halaxe azaldu genion gero psikologoari, psikologoaren laguntza behar izan baikenuen kontu hauen guztien ondorioz. Santa Klausek opariak ekarri bai, baina ordainean ukitu gintuela. "Baina non ukitu?", galdetu zigun psikologoak. Sabelaldeak izena galtzen dueneko tokian, alegia, hau da, ipurdian, kaleko hizkeran. Eta gurasoek, izuturik, kontatu ziguten Olentzero, Santa Klaus eta enparauak gurasoak berak zirela. Eta gure kezka areagotu egin zuten, pederastia susmoari intzestua batu baitzioten. Kaka nahaste ederra!
Baina okerrena gero etorriko zen, Hegoaldeko zoritxarreko euskaldunentzat, urtarrilaren bortzarekin batera. Berri on ekarleak hiru ziren, hiru errege, hiru mago! Hau zerrenda amaigabea! Erregeek gameluak ekartzen zituzten gainera, eta gameluek opariak, baina inguru honetan badakigu nolako opariak ekartzen dituzten gameluek, eta erregeak Ekialdetik ez, Kolonbiatik zetozela pentsatzen hasi ginen. "Ezezagun batek goxokiren bat ematen badizu, ez hartu", erraten zigun amak behin eta berriro. Baina egun hartan, gu lasai, hiru errege eta hiru gameluen atzetik, ahalik eta goxoki gehien harrapatzen.
Nor aukeratu?
Eta seme-alabak izanen ditugu gero, eta ez dugu jakinen zein pertsonaia aukeratu azken momentuan Visa txartelaz erosiriko oparia emateko. Euskalduntasunaren ikazkin tripazaku, mozkorti eta lapur zikina? Ala kapitalismo basatiaren eta Coca Colaren pederasta eta agure inuzente faltsua? Ala nazional-katolizismoaren eta monarkiaren hiru errege gameluzaleak?
Kixmi jaio deneko berri ona zabaltzera etorri direnak gure amesgaizto beldurgarrienen isla dira. Haurrari hiperreko liburutxo mardulean datozen jostailuen erdia erostera behartzen gaitu kontsumismoak. Eta horretarako itxuraz inuzente baina izaeraz zitala den pertsonaia behar dugu haurrari txantajea egiteko. Eta azkenean, etxekoari atxikiz, Olentzero aukeratuko dugu. Izan ere, EEBBetako lehendakari batek Hego Amerikako diktadore bati buruz erran zuen gisara, "putaseme bat da, baina gure putasemea". Hain hitz gordinak erabili gabe, guk ere, beharbada, antzeko pentsamendua izango dugu buruan.