MONIKA ZAPIRAIN: "Norentzat da Donostia, hemen egun batzuk igarotzen dituztenentzat ala hemen bizi eta lan egiten dugunontzat?"

MONIKA ZAPIRAIN: "Norentzat da Donostia, hemen egun batzuk igarotzen dituztenentzat ala hemen bizi eta lan egiten dugunontzat?" Donostiak du Espainiako Estatuko alokairu tasarik altuena, eta bertan bizitzea geroz eta zailagoa zaie hiritarrei; hori gutxi balitz, Azora bezalako funts putreek hainbat auzoetako etxebizitzak bereganatu dituzte, bizilagunak isilpean kaleratuz; egoera horretan dauden Groseko 300 etxebizitzetako batean bizi da Monika Zapirain; 16 urte daramatza bertan bizitzen eta lan egiten, Logopeda kontsultarekin. Otsailetik baina, kontraturik gabe dago, eta edozein unetan bertatik botako duten beldurrarekin bizi da. Zapirainen egoera Donostiako beste ehunka bizilagunena da, eta hiriko gentrifikazio basatia salatzeko 'Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat' lelopean mobilizazioa egingo dute gaur, urriak 22, 20:00etan hasita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/monika-zapirain-norentzat-da-donostia-hemen-egun-batzuk-igarotzen-dituztenentzat-ala-hemen-bizi-eta-lan-egiten-dugunontzat/@@download/image/Captura de pantalla 2020-10-22 a las 08.57.44.png
2020/10/22
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Donostiak du Espainiako Estatuko alokairu tasarik altuena, eta bertan bizitzea geroz eta zailagoa zaie hiritarrei; hori gutxi balitz, Azora bezalako funts putreek hainbat auzoetako etxebizitzak bereganatu dituzte, bizilagunak isilpean kaleratuz; egoera horretan dauden Groseko 300 etxebizitzetako batean bizi da Monika Zapirain; 16 urte daramatza bertan bizitzen eta lan egiten, Logopeda kontsultarekin. Otsailetik baina, kontraturik gabe dago, eta edozein unetan bertatik botako duten beldurrarekin bizi da. Zapirainen egoera Donostiako beste ehunka bizilagunena da, eta hiriko gentrifikazio basatia salatzeko 'Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat' lelopean mobilizazioa egingo dute gaur, urriak 22, 20:00etan hasita.
MONIKA ZAPIRAIN: "Norentzat da Donostia, hemen egun batzuk igarotzen dituztenentzat ala hemen bizi eta lan egiten dugunontzat?"

Zure etxebizitza Vascongada higiezinen agentziak kudeatzen zuen, Azora funts putreak bereganatu zuen arte. Zer gertatu zen zure alokairuarekin Azora jokoan sartu zenean?

Hamasei urte eman ditut etxebizitza honetan bizitzen; Vascongada higiezinen agentziak kontratu luzeak egiten zituen, prezio erdi-eskuragarrian; 600 eta 800 euro bitarteko alokairuak ziren. Azora sartu zenean, alokairuak 1.100 eurotara igo zituzten (salbuespen gutxi batzuekin). Nire azken kontratua 2020ko otsailean amaitzen zen, eta azaroan agentziak eskutitza bidali zidan, kontratua amaitutzat emanez. Harriturik, etxetik alde egin behar ote nuen galdetu nien, eta haiek ezetz, oraingoz Tacita Reconducción izeneko konponbide probisionala egingo zidatela esan zidaten. Beste hitzekin esanda, orain hilabetero ordaintzen noa alokairua, baina ez dut hemen gelditzeko bermea ematen didan kontraturik. Hurrengo hilabetea azkena izan daiteke.   

Momentuan bakarrik sentituko zinen egoera horren aurrean; norengana jo zenuen?

Bizilagun batzuk bildu ginen, eta Groseko Saretxe elkarteko kide bat etorri zen abokatuarekin guri laguntzeko; une horretan nahiko babestuta sentitu nintzen maizter bezala, eta pixkanaka antolatzen eta mobilizatzen hasi ginen. Horrela lortu genuen hainbat manifestazio egitea eta alkatearengana iristea. Mobilizazioen erdian iritsi zen pandemia, baina gure jarduna ez da gelditu; gure helburua ez da soilik alokairuen egoera salatzea, komunitatea sortzea baizik. Groseko auzoa gu gara, komunitate sentimendua hor dago, hori bultzatu nahi dugu. Auzoa auzotarrontzat dela aldarrikatu nahi dugu, eta horregatik aukeratu dugu 'Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat' leloa gaurko manifestaziorako.

Bestalde, atez ate hari gara bizilagunak bisitatzen, behar dutenei laguntza eskaintzen eta auzo sentimendua indartzen. Mingarria da entzutea "Noski, Grosen bizi nahi duzu, nork ez!" nire bizitza osoa auzo honetan igaro eta eraiki dudanean. Onartu dugu Donostia garestia dela, hemen bizitzea luxua dela eta ez dela poltsiko guztientzat. Baina, Norentzat da Donostia, hemen egun batzuk igarotzen dituztenentzat ala hemen bizi eta lan egiten dugunontzat?

Mobilizazioak egin zenituzten otsaila eta martxoa bitartean, eta gaur hilabetetako lana islatuko duzue manifestazioan; bitartean, zein da bizilagunen egoera?

Pandemia iritsi zenean, Azorak urtebeteko luzapena eskaini zigun, baina kontraturik gabe; ez dugu onartu. Abokatuek eusteko eta ordaintzen jarraitzeko gomendatzen digute, baina ez da erraza; etxebizitza askoren egoera benetan tamalgarria da. Adibidez, Jai Alai eraikineko lau atariak zeharo abandonaturik utzi dituzte, oso gogorra da bertan bizitzea 900 euro ordaintzen dituzun bitartean, kontraturik gabe, ziurgabetasunez beterik... eta noski, pixkanaka jendea joaten hasi da. Ez dira zuzeneko kaleratzeak, baina isilpekoak badira. Beldurra sartzen dizute, estresa, eta pixkanaka etxeak hutsik gelditzen hasi dira. Atez-ateko lana egiten ari ginenean konturatu ginen dagoeneko etxebizitzen %40 hutsik daudela. Horietako batzuk urtebete baino gehiago daramate hutsik. Zertarako nahi dituzte horrenbeste etxebizitza huts? Ez dakigu zein den beren benetako asmoa, ez baitute esaten; hotelak egitea? Etxebizitza turistikoak? Auskalo, baina gu ez gaituzte bertan nahi.

Zer da gaurko manifestazioan aldarrikatuko duzuena?

Auzoa auzotarrontzat izan dadila eta gure etxeetan bizitzeko eskubidea bermatzea. Gu ez gaude doan, hilabetero ordaintzen dugu, eta eskatzen duguna da legeak dioen gutxieneko zazpi urteko kontratua sinatu ahal izatea. Baina manifestazio honek ere badu auzoaren egoera salatzeko helburua, horregatik ibilbideak Groseko zonalde "beroak" bisitatuko ditu; Groseko Mariaren Bihotzean zegoen Klaret eskola itxi dute bertan hotel bat egiteko, gotzaindegian ere beste hotel bat egingo dute, hirugarren bat ere bidean dago... eta bitartean, auzotarroi hemendik alde egiteko presioa egiten digute.

Koronabirusaren ondorioz handitu al dira alokairua ordaindu ezin dutenen kasuak? 

Kasu bat edo beste izan ditugu, Erteen eta kaleratzeen ondorioz alokairua ezin ordaindu gelditu direnak. Zorra kondenatzeko borrokan izan dira abokatuak, baina ez dute lortu; Gobernuak jarritako baldintzei jarraika, zorra ordaintzeko 10 urte eskaini ditu funts putreak, besterik ez.  

Donostiako alokairua, altuena da: 880 euro bataz beste. Gehienbat turismoak du igoera masibo horren errua; donostiarrek hiria utzi beharko dute azkenean?

Ez dakit zer gertatuko den, baina Donostian alokairuan bizitzea ia ezinezkoa da, ez bakarrik errenta altuengatik, baita alokatzeko neurrigabeko baldintzengatik ere; agentzien bitartez egiten baduzu, ia 5.000 euro aurreratu behar dituzu alokatzeko. Bestalde, hiriko alokairu eskaintza oso txikia da; duela gutxi datu bat jaso genuen, eta zioenez, Donostiako etxebizitzen %10 bakarrik daude alokairuan; txundituta gelditu nintzen. Bartzelonan adibidez, etxebizitzen %40 alokatzen dituzte. Erosteko ere ia ezinezkoa zaigu, orduan, zer egin behar dugu? Turista izatea ote da hirian bizitzeko modu bakarra? Ez dut amore emateko asmorik, amaiera arte borrokatuko dut.