Mongi bilatzaileak

Mongi bilatzaileak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mongi-bilatzaileak/@@download/image/44p32-1.jpg
2004/09/03
erreportajea
Mongi bilatzaileak
Udazkena hastear da. Eta udazkena amaiera arte, pertsonaia bitxiak ikusiko ditugu Euskal Herriko mendietan: mongi bilatzaileak. Belarra arakatzen dute, bizkarra makurtuta, ontto aluzinogeno hauek aurkitzeko irrikitan. Ikusi al dituzu inoiz?

Salbuespenak salbuespen, mongi bilatzaileak ez dira betiko mendizaleen ezpal berekoak. Hori segituan nabaritzen da: ez dute mendian ibiltzeko arropa egokia eramaten, kalean erabiltzekoa baizik; autoan igotzen dira ahal den goraino; beirazko potoak eraman ohi dituzte esku artean; ez dira gailurreraino igotzen; belardietan geratu ohi dira lurrera begira… Hori bai, onttozaleek bezala, ondo zaintzen dute ontto lekua, eta uzta ona bada, hurrengo urtean ere leku berean topatuko dituzu.

Oro har, kaletar peto-petoak dira; hau da, porlan artean bizi dira, hirian. Ez dute natura ondo ezagutzen, baina ederki ezagutzen dute ontto bat: sorgin-zorrotza (Psilocybe Semilanceata) edo mongia. Udazkeneko lehen euriteen ondoren, egun eguzkitsuetan ateratzen dira onttozale hauek 'ehizara'. Askotan taldeka ekiten diote lanari, eta ordu luzez aritzen dira belardietan makurtuta (nolako bizkarreko mina!), kristalezko potoak bete arte.  Euskal Herriko mendi eta mendilerro ezagunetan dihardute: Aralar, Urbasa, Pirinioak… Izan ere, mongiak oso ohikoak dira gure mendietan: "Barra-barra hazi dira, 600 metrotik gorako zelaietan", adierazi digu Luis Otero donostiarrak. "Las planta alucinogenas" liburuaren egilea da Luis.

Irribarre eragilea

Zer dute sorgin-zorrotzek, udazkenero, hainbeste gazte etxetik aterarazi eta urte osoan zapaldu gabeko mendirako bidean jartzeko? Urre bilatzaileek urrea eta horren truke lortutako dirua dute helburu. Mongi bilatzaileen urrea sorgin-zorrotza da, txapela titiburu baten moduan duen onttoa, alegia.

Eta helburua drogarekin esperimentatzea eta ondo pasatzea da: "Gazte askok hartzen du, jakinminak bultzatuta. Gainera, dohainik dira, eta irribarrea eragiten dute. Hartuz gero, amets batean bezala sentitzen zara", dio Oterok. Ontto honen substantzia nagusia psilocybina da, eta adituen arabera, mendia da hartzeko lekurik egokiena.

Iker Iriarte 28 urteko arrasatearrak iritzi hori  bera du: "Askok mongiak hartu eta taberna batera sartzen dira. Hori hanka sartzea da. Nire ustez, mongiak mendian hartu behar dira. Nik behin ibilalditxo batean hartu nituen, eta inoiz baino gusturago eta arinago ibili nintzen mendian. Hirian edo herrian hartzea ez dut gogoko".

Bilketaren sekretutxoak

Urrea bilatzeak bezala, mongiak bilatzeak ere baditu sekretutxoak. Ontto hauek euriaren ondoren atera ohi dira, eta egun eguzkitsuetan ikusi ohi dira ondoen. Hala ere, Iker Iriartek dioenez, "ezinbestekoa da adi ibiltzea. Izan ere, askotan, onttoak ezkutaturik egoten dira belar artean, nahiko txikiak direlako, eta belarrarekin nahas daitezkeelako". Ondorioz, leku bat baztertu aurretik, belarra ondo arakatzea komeni da. "Behatzekin belarra zabaldu behar da ondo ikusteko".

Bestalde, ontto bat aurkituz gero, inguruetan begiratzea komenigarria da: "Normalean onttoak taldeka egoten dira. Beraz, bat aurkituz gero, litekeena da, ondoan edo gertu, gehiago egotea", dio Ikerrek. Beste gomendio bat: ez moztu sekula onttoa sustraitik. Bestela, hurrengo urtean ez duzu bertan mongirik topatuko.

Txapela, adierazgarri

Sorgin-zorrotzak lau modutan har daitezke: gordinik —hartu eta berehala—, infusioan, tortillan edo gurinarekin. Sukaldean eginez gero, ez da komeni oso tenperatura altuan prestatzea, propietateak gal baititzake. "10-20 ale erabilita nahikoa da", dio Oterok. Izan ere, zenbat eta gehiago hartu, orduan eta handiagoa da eragina. Kontuz ibili beharra dago, beraz. Horregatik, arazo psikologikoren bat dutenek ez hartzea gomendatzen dute adituek. "Sasoian izanda, ez dago inolako arriskurik", gaineratu du donostiarrak.

Sorgin-zorrotzak 600 metrotik gorako belardietan hazten dira, eta 4-6 zentimetroko altuera izaten dute. Ondo ongarritutako lurrak maite dituztenez, askotan behi edo zaldi gorotzetatik gertu bizi dira. Esan bezala, txapela da haien bereizgarri nagusia: titiburu baten antza du. Euria egin badu, marroi kolorekoa da, eta eguraldi lehorra izanez gero, horia. Badira, ordea, antzeko itxura duten beste ontto batzuk: "Haiek gorotzen gainean bizi dira eta ez dute inongo eraginik izaten. Dena dela, antzekoa den eta oso pozoitsua den ontto bat bada: Galerina Marginata izenekoa, alegia. Hori enborren gainean bizi da, eta hilgarria da", azaldu du Oterok. Hortaz, bilatzean ere tentuz ibili beharra dago.

Sorginen edabeetan


Sorgin-zorrotza onttoa Psilocybe familiakoa da. Familia horretako beste dozena erdi ontto daude Euskal Herrian, baina adituek diotenez, mongiak dira ezagunenak eta indartsuenak. Josep Fericgla Kataluniako antropologoaren ikerketen arabera, garai bateko sorginek askotan erabiltzen zituzten mongiak erritualetan. Horren lekuko, ikerlariek aurkitutako XV. eta XVII. medailoi bana. Ustez, sorginek erabilitako apaingarriak dira eta bertan sorgin-zorrotzen irudiak ageri dira.

Baita medikuntzan ere



Mongiak medikuntzan ere erabili izan dira, joan den mende erdian, alegia. Esaterako, Leuner eta Haurner psikoterapeutek psilocybina erabili zuten neurosiak eta beste gaixotasun psikologiko batzuek jotako pertsonak laguntzeko. Hala eta guztiz ere, beste zenbait substantziekin gertatu bezala, ontto hauekin egindako ikerketek ez dute agintarien baimena izan. Salbuespenik bada: Suitzan mongiak psikoterapeuten ikerkuntzetan erabiltzea baimendu zuten 1988tik 1993ra.