Modern times: Makinismoa eta gizatasuna

Modern times: Makinismoa eta gizatasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/modern-times-makinismoa-eta-gizatasuna/@@download/image/60p51-1_1365714936.jpg
2006/02/03
erreportajea
Gontzal Agote
Modern times: Makinismoa eta gizatasuna
Jatorrizko izenburua: “Modern times” (1936)
Zuzendaria: Charles Chaplin
Aktoreak: Charles Chaplin, Paulette Goddard, Henry Bergman

Gaur egun jende askok, are gehiago gazteak badira, beldur ikaragarria die zuri-beltzezko filmei. Horrez gain, pelikula mutua bada, beldur hori erabateko arbuio bihurtzen da –“aspergarri mortala, seguru!”-. Eta ekoizpenaren datari erreparatuta, eta 30ko hamarkadako pelikula dela ikusita, katakunbetara eramateko eskatuko dute moderno ugarik.

Horregatik guztiagatik, aurreiritzi asko gainditu behar dira “Modern times” edo garai bertsuan egindako beste pelikula interesgarri asko ikusteko. Hala ere, beste askoren aldean maisulan honek badu abantaila bat, Charles Chaplinen izena agertzen da, eta horren ondorioz, lotura berehalakoa da: Charlot.

Bai, Chaplinek sortutako pertsonaia ahaztezina agertzen da kapitalismoaren basakeria agerian uzten duen film zorrotz honetan. Hain zuzen, hauxe izan zen Charlot pertsonaiaren azken pelikula. Dena den, hemen, soilik zenbait pasartetan agertuko da oinak oker eta bastoia gora-behera ibiltzen zen kapeldun biboteduna (gure gertuko historiako pertsonaia ilun batekin antz susmagarria zuena).

Arestian aipatu bezala, kapitalismo basatiaren ondorio krudelak dira “Modern times”-en gai nagusia. Dudarik gabe afera gordina da, baina bere betiko samurtasun eta umorearekin, Chaplinek maisuki jakin zuen kontakizuna eztitzen. Hori da pelikula honen bertuterik handiena: kritika zorrotza egiten du, baina, aldi berean, dibertigarria eta hunkigarria da oso. Eta horrexegatik pasatu da zinemagintzaren historiaren urrezko liburura.

Fordismoaren salaketa

Garaiko pelikuletako egiturari jarraikiz -bobinak aldatu behar izatearen ondorioak-, lau istorio txiki daude hari nagusi bakarraren barnean. Beharbada, lehenengo istorioan ikusten da argien, Chaplinek pelikula hau martxan jartzeko orduan zer adierazi nahi zuen. Gogoan izan behar da 1935koa dela filma: Ameriketako Estatu Batuak 1929ko hondamendiak eragindako krisialdi larria gainditzen saiatzen ari ziren, eta Henry Fordek asmatutako lan sistema, Fordismoa, lantegi gehienetan zegoen indarrean, langileen kalterako.

Lehen atal horretan, lantegi handi batean aritzen den behargin gaixoa da Chaplin; gainerako lankideen moduan, kateari lotuta bizi da, arnasa hartzeko betarik gabe. Bien bitartean, enpresako nagusiak bulegotik kontrolatzen du ekoizpena, kamera batzuen bitartez. Makinen burrunbaren artean, Chaplinek bereak eta bi eginen ditu, dena den, mementurik antologikoena, langileei jateko ematen dien makinaren probarena izanen da. Irrigarria bai, baina aldi berean sistema oso baten erakusgarri.

Chaplinen pelikuletan ezinbestean maitasuna agertu behar da; kasu honetan, Paulette Goddardek antzezten duen gaztearen eskutik. Berarekin batera, Charlot zorigaitzari aurre egiten saiatuko da, baina ez dute batere erraza izanen: lanez lan ibiliko dira, eta kanporaketak, kartzelaldiak eta miseria gorria ezagutuko dituzte. Horregatik, biak bizitza hobe baten bila abiatuko dira. Edo, auskalo, hondamendiaren bidea da hartu dutena, amaiera, etorkizuna bezala, guztiz anbiguoa baita.