Moda eta feminismoaren arteko harreman gazi-gozoa

Moda eta feminismoaren arteko harreman gazi-gozoa Maria Grazia Chiurik, Diorreko diseinatzaile nagusiak, “we should all be feminists” (guztiok feministak izan behar genuke) leloa zeraman kamiseta jantzi zuenetik, zalantzan jarri da modak mugimendu feministaren baitan betetzen duen rola. Moda emakumearen askapen mugimendurako erreminta da? Ala, kontrara, moda da emakumeak marko batzuen barruan sartzen dituen tresna? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/moda-eta-feminismoaren-arteko-harreman-gazi-gozoa/@@download/image/moda_02.jpg
2022/12/26
erreportajea

Testua: Iraide Ibarrondo

Maria Grazia Chiurik, Diorreko diseinatzaile nagusiak, “we should all be feminists” (guztiok feministak izan behar genuke) leloa zeraman kamiseta jantzi zuenetik, zalantzan jarri da modak mugimendu feministaren baitan betetzen duen rola. Moda emakumearen askapen mugimendurako erreminta da? Ala, kontrara, moda da emakumeak marko batzuen barruan sartzen dituen tresna?
Moda eta feminismoaren arteko harreman gazi-gozoa

Historian zehar, asko izan dira emakumearen askapen mugimenduak emandako pausoak modaren bitartez islatu diren uneak. Esanguratsuenetako bat, baina ez horregatik lehena, Coco Chanelek kortse estuei muzin egin eta emakumeentzako prakak komertzializatu zituen unea izan zen. Era berean, 1946an Louis Reardek bi piezako bainujantzia albo batera utzi eta lehenengo bikinia diseinatu zuen, zeina Micheline Bernardini strip-teaseko artistak estreinatu zuen, garaiko emakumeak ez zirelako ausartzen eta, ondoren, 1960ko hamarkadan, minigonak merkaturatu ziren. Handik zortzi urte eskasera, manifestazio feministetan lehen bularretakoak erretzen hasi ziren emakumeen aurkako zapalkuntza sinbolo gisa.
Mugimendu feministaren azken urteetako indartzearekin batera, ehungintza industriako izen handiak korrontera batu dira, nahiz eta ez dagoen argi feminismoa bera “modan” jarri delako edo marken printzipio etiko errealengatik ote den. Izan ere, arropen industriak, beste industria guztiek bezala, eredu kapitalistaren arauen arabera jokatzen du. Hortaz, ez da harritzekoa kapitalismoak gizarte mugimenduetatik eratorritako diskurtso arrakastatsuak (mugimendu feministarena, LGTBIQ+ komunitatearena edo ekologikoa, esaterako) bereganatzea gizarteak esleitutako ospetik etekin ekonomikoa ateratzeko helburuz. Batzuek positiboki ikusten dute low cost zein luxuzko markak feminismoaren gurdira igo izana, azken finean, emakumeen ahalduntzea normalizatzen eta babesten duten mezuak zabaltzen dituztelako. Beste batzuk, ordea, beldur dira ez ote den borroka feministaren gehiegizko merkantilizazioa sortzen ari.
Chiurik, “we should all be feminists” kotoizko kamisetaz gain, bestelako mezu feministak idatzita zituzten jantziak igo zituen pasareletara. Azkenik, 2020-2021eko udazken-negu bildumaren aurkezpen ekitaldian, mezuak kamisetetatik agertokira lekualdatu zituen. Hori horrela, “kontsentsua”, “emakumeen maitasuna ordaindu gabeko lana da” eta “emakumeek altxamendua altxatzen dute” esaten zuten koloretako kartel erraldoiak zintzilikatu zituen pasarelan Diorreko sormen zuzendariak.
Viktor & Rolfek apustu bertsua egin zuen 2019ko udaberri-uda bildumaren aurkezpenean. Bertan, bolumen eta tul askoko soinekoak aurkezteaz gain, arropek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen zuten mezuak zeramatzaten josita. (Portzierto, ezaguna egiten zaizue azken asteetan Twitterren biralizatu den sorbalda ikaragarri altuak dituen esmokin tankerako jaka bat jantzita daraman modeloaren memea? Diseinatzaile honena da, Dracularen pertsonaian inspiratutakoa).

Zein da arazoa? Itxuraz pasareletako feminismoaren eztanda behar zuena itxurakerian gelditu zela. Pasarela, manifestazio edo dena delakotik hiru urtera, 2018an, Lagerfeldek Mee Too mugimenduaz “nazkatuta” zegoela aitortu baitzuen...

Eskuartean dugun gaira itzulita, badaude igorritako diskurtso feministarekin koherentziarik mantendu ez duten marken kasuak ere. Horietako bat da Chanel bera. Izan ere, Karl Lagerfeld diseinatzaile alemaniarra zenak, Cocoren heriotzaren ostean, Chanelen aho-uhalak hartu zituen eta mugimendu feministaren aldeko aldarrira batu zen, hasiera batean behintzat. 2015eko udaberri-uda bildumaren aurkezpenean, Cara Delevigne modeloa buru zela, manifestazio feminista baten tankerako pasarela antolatu zuen Lagerfeldek. Bertan, modeloak pankarta eta aldarri feministekin atera ziren desfilatzera eta moda aldizkari guztiek txalotu zuten Lagerfeld.
Zein da arazoa? Itxuraz pasareletako feminismoaren eztanda behar zuena itxurakerian gelditu zela. Pasarela, manifestazio edo dena delakotik hiru urtera, 2018an, Lagerfeldek Mee Too mugimenduaz “nazkatuta” zegoela aitortu baitzuen aldizkari frantses bati eskainitako elkarrizketa batean. Gainera, kontua ez zen hor gelditu, izan ere, Lagerfeldek, ustez feminismoaren babesle sutsua zenak, Karl Templar, Interview aldizkariko moda zuzendari ohia eta garai hartan modeloei sexu abusuak egiteaz akusatuta zegoena, defendatu zuen.
Beraz, sasoiak aurrerantz doazen heinean, joerak aldatuz doaz eta moda bera ere berrasmatu egiten da, esfera publikotik aldendu diren markoak eta diskurtsoak baztertuz eta berriak hartuz. Gizarteak balio berrietan aurrerapausoak ematen dituenean, modak balio berri horiek islatuko ditu. Batzuetan, sortzaileen benetako uste osoz eta konpromisoz eta, besteetan, etekinak ateratzeko soilik. Horregatik da gazi-gozoa modaren eta feminismoaren arteko harremana. Modak, pertsonek betetzen dituzten joera multzotzat ulertuta, onura bezainbeste kalte eragin ditzakeelako bidaltzen dituen mezuen eta ematen zaion erabileraren arabera.