Mobile World Congress

Mobile World Congress https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mobile-world-congress/@@download/image/sarezulo_1365066525.jpg
2013/04/08
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Mobile World Congress
Otsaila amaieran 2013 urteko Mobile World Congress (MWC) antolatu zuten Bartzelonan. Zitak gailu mugikorren software zein hardware unibertsoko enpresa eta garatzaile ezberdinak bildu zituen aurrerantzean merkatuan ikusiko ditugun gailu eta sistema eragileak aurkezteko. Azken urteetako edizio interesgarriena izan da.


Eztabaida handienetako bat Googlek etorkizunean Android sistemarekiko jarraituko duen estrategiaren inguruan piztu da. Askok diote Googlek Android akabatu nahi duela; beste batzuek, ordea, uste dute Android markarekin amaitu bai baina sistema eragilea garatzen jarraituko duela. Azken iritzi hau zentzuzkoa da eta, ziurrenik, hau pentsatzen dutenei denborak arrazoia emango die. Azken hilabetean gaiak Sarea berotu du eta sortu diren albiste eta hitzaldi interesgarrienetako bat #AndroidIO (gazteleraz) izena duen programan ikus dezakezue. Harrigarria da Googlek teknologia eta batez ere gailu mugikorren merkatuan lortu duen ospea. MWC honetan ez du ezer berezirik aurkeztu, baina bere izena guztion ahotan egon da. Ikaragarria benetan.

Beste nobedade interesgarri bat eta arrakasta handia lortu duena, dudarik gabe, FirefoxOS da. Mozilla fundazioak smartphonetarako garatu duen sistema eragilea da, eta Android eta iOS (iPhone OS) sistemekin lehiatu nahi du. Merkatuan bere lekutxoa egin ahal izateko gauzak oso ondo planteatu dituzte: FirefoxOS HTML5ean oinarrituta dago; hau da, hizkuntza estandarizatua eta multiplataforma gisakoa darabil, Windows, Linux nahiz MacOS-en exekutatu daitekeena. Proiektuak telekomunikazio multinazional handien babesa jaso du, besteak beste,  Telefonica, Telecom Italia edo Deutsche Telekom bezalakoena, eta hardware fabrikatzaileen aldetik, bestalde, aipagarrienak Sonny, ZTE, Alcatel edo Qualcomm dira. FirfoxOS darabilten lehen gailuak, soilik garatzaileei zuzenduak, GeekPhone enpresaren eskutik aurkeztu zituzten MWC baino lehenago. Orain, ordea, Telefonikak 80 euroren truke FirefoxOS duten gailuak saldu nahi dituela jakin dugu. Honela, smartphonen munduko maila ertain eta baxuetan sartuko du muturra. Merkatuari begira oso pausu erakargarria.
Software multzoarekin jarraituz, Ubuntu Touch-en aurkezpena aipatzea ezinbestekoa da: mugikor eta tabletetarako Canonical enpresak aurkeztu zuen sistema eragilea. Ubuntu For Phone eta Ubuntu On Tablet izenekin, hain zuzen ere. Hau da, Ubuntu ekosistema propioa eta osoa eskaini nahi du Canonicalek, eta lehen inpresioa oso ona izan da. Argitu beharra dago, halabaina, ez dutela behin betiko sistema aukeztu, soilik garatzaileentzat gomendatzen duten bat baizik. Itxaron ezin duten horietarikoa baldin bazara, jakin ezazu gailu zehatz batzuetan instalatzeko prozesuaren berri zabaldu dela Sarean, hainbat blogetan agertu diren minitutorialei esker. Bestela, Ubuntu sistema defektuz instalatuta dakarten lehen gailuen merturatzea urte bukaerarako edo 2014 hasierarako espero da.

Aurtengo MWCak utzi digun beste gakoetako batek tabletekin du zerikusia. Orain arte hauekin ezin zen telefono deirik egin, baina hori iragana da; deiak jaso, egin, edo SMSak jaso eta bidaltzeko aukera eskaintzen duten tabletak aurkeztu baitzituzten Bartzelonan.

Amaitzeko, Windows Phone 8 sistemarekin funtzionatzen duten gailuak ere ikusi ahal izan ziren. Sistema honi babes handiena ematen dion enpresa Nokia da, bere Nokia Lumia gailu modeloekin.

Apple-k, betiko legez, ez zuen MWCean parte hartu, berak bere aurkezpen pribatuak antolatzen baititu. 2013 urte bizia izango da gailu mugikorren merkatuan.  Adi!

INFORMAZIO BILA



Euskal encoding
Gaur egun, Sarean aurki dezakegun foro euskaldun aktiboenetarikoa da. Bertan, gai ezberdinei buruzko galderak, deskargatzeko materiala eta milaka euskal internauta biltzen dira.

HARRITU GAITU



Umap
Denbora tarte luze samar batez bertan behera geratu ondoren, bueltan da euskaldun twiterlariak aztertzen dituen tresna. Euskaraz idatzitako txioak lokalizatu eta argitaratzen ditu, eta euskal hashtag erabilienak nahiz euskal twitterlari aktiboenak ere bai.

INFORMAZIO BILA



Jakinbai
Lanbide Heziketako arlo profesional guztietako 700 bat ikasmaterial biltzen ditu, euskarara itzulita. Hamabi urteko lanaren emaitza da.