Mitoz mito

Mitoz mito https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mitoz-mito/@@download/image/drogak_150_1396518185.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua, Ai Laket!! elkartea
Drogei dagokienez, asko dira jendearen artean azkar hedatzen diren zurrumurruak. Horietako asko, baina, ez dira egia bihurtzen.


Urrutira joan gabe, hortentsiek eragin psikoaktiboak dituztela-eta erretzea modan jarri omen da, hainbat komunikabidetan berri eman dutenaren arabera, nahiz eta horrelakorik frogatu ez den. Gaur egun, landare  honek printzipio psikoaktiboak dituen ala ez ikertzen ari dira, eta hala balitz, ondoren aztertuko lukete landarearen zein zatik eta nola hartuz gero sortzen dituen aipatutako eraginak.

Bestalde, horrelako kasuetan, substantzia jakin bat kontsumitzea modan dagoela esatea gehiegi esatea da, izan ere, adibidez, Euskal Herrian horrelako kasuak ezezagunak dira, bai behintzat aisialdi testuinguruetan Ai Laket!! elkarteak egin dituen programetan (Ai Test Gunean, Lonjalaketen edota Testingean, adibidez). Beraz, tentuz ibili behar da horrelako baieztapenak egin edo entzuterakoan, egiazkotasuna zalantzan egoteaz aparte, halako berriek jendea ikertu gabeko substantziak erabiltzera tentatu dezaketelako.

Hala ere, hortentsiena ez da gure artean zabaldu den berri edo mito bakarra, izan ere, drogak kontsumitzen direnetik, hau da, betidanik, drogekin lotutako mitoak ugariak izan dira. Ezagunena, beharbada, platano zuntzak erretzeak eskainitako kolokoiarena da, duela hainbat hamarkada lehen aldiz Euskal Herrian eta beste hainbat herrialdetan hedatu zena. Gaur egun, oraindik entzuten da, eta bada probatzen duenik ere, batez ere gazteen artean. Hala ere, platano zuntzena drogekin lotutako beste mito bat baino ez da, fruitu horrek ez baitu eragin psikoaktiborik, gizakiengan behintzat.

Horrelako mitoak asko izaten dira. Ondokoak dira, adibidez, egun indarrean daudenetako batzuk: speeda edo anfetamina hozkailu edo izozkailuan gordetzea ona dela (substantzia horren kasuan muturreko tenperaturak ekidin egin behar dira), alkoholimetroari iruzur egitea erraza dela (kalean aipatzen diren trikimailu gehienek ez dute funtzionatzen), edota polizia txakurrak drogazaleak direla (jolasaren bidez hezten dira).

Horrenbestez, droga erabiltzailea den pertsonak drogaren bati buruzko zurrumurru edo berrikuntzaren baten berri duenean egin dezakeen gauzarik onena iturri fidagarriak erabilita ondo informatzea da. Kontuan hartu behar da egiaztatu gabeko informazioak gomendagarriak ez izateaz gain, arriskutsuak izan daitezkeela, eta drogak plazeragatik hartuz gero, arriskuak ahalik eta gehien murrizten saiatu behar garela, gozamena bidaia txarra ez bihurtzeko.