Mito mordoa gazteei buruz

Mito mordoa gazteei buruz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mito-mordoa-gazteei-buruz/@@download/image/19-na.jpg
2002/05/03
elkarrizketa
Unai Brea
Mito mordoa gazteei buruz
Gazteak, irudi estereotipatu bati lotutako pertsona horiek. Hona hemen gazteoi buruz ontzat emandako mito batzuk eta haiei buruz errealitateak dioena. Ez da hainbesterako, aizu.


Zein ondo gurasoen altzoan!



Tarteka talk show deitutako telesaioetan gurasoekin bizi den 40 urteko pertsonaia pare bat aurkezten digute. Gero eta zabalduago dago mezua: gazteek ez dute gurasoen etxetik ospa egin nahi, erosoago baita ama eta aitaren magalean bizitzea. "Euskadiko Gazteak 2000" txostenaren arabera, EAEko 25 eta 29 urte bitartekoen %90 gurasoekin bizi da. Ez da gustuko egoera, ordea. Txosten berean esaten denez, gazteen %46ak gurasoen etxetik joateko adinik onena 20 eta 25 urte bitartean dagoela uste du. %42k, berriz, 25-30 tartean ezartzen du epe hori.

Orduan, zergatik ez dira joaten? Aurtengo lehen hiruhilekoan, Hego Euskal Herrian 25 urtetik beherakoei egindako kontratuen %7 besterik ez da finkoa izan, eta urtero errepikatzen diren datuak dira. Etxebizitzen prezioen gorakadari buruz, datu bakarra: Donostian, merkatu librean, 80 metro karratuko etxebizitza batek 40 milioi inguru balio ditu, batez beste. Batzuentzat, ordea, horrek denak ez omen du zerikusirik…

Irakurri? Zer da hori?



Liburu bat, edo aldizkari bat, edo letrak dituen edozer zabaldu eta haren orrialdeetan murgiltzea ez ei da gazteon gustuko. Egia esan, irakurtzeko plazerrari uko egitea gizarte osoaren gaitza da, izatekotan, baina konparazioa egite aldera, ikus ditzagun 2001ean Euskadiko Liburu-ganbarak Araba, Bizkaia eta Gipuzkorako emandako datuak.

16 eta 34 urte bitartekoen %63ak liburuak irakurtzen ditu maiztasunez; hau da, 45 eta 54 urte bitartekoek baino askoz gehiago (%47) eta 55etik gorakoek ia halako bi (%34). Gazteen %76ak aldizkariak irakurri ohi ditu. Egunkariei dagokienez, 24 urtera bitartekoen %68ak du irakurtzeko ohitura; 25etik 34ra arte dituztenen artean, berriz, portzentaia hori %87ra igotzen da. Ezer irakurtzen ez dutenen portzentaia %2-3 da gazteengan (45-54 urte artean %6, eta 55 urtetik gora %11).

Modako mitoa: botilatzarra



Euskal gazteei dagokienez, bederen, ederki puztutako gaia dugu hauxe. Euskal Herriko zein hiri edo herritan ikus daiteke ehundaka gazte botilak eskuetan, mozkorkerian? Ez dugu ukatuko Euskal Herrian "botilatzarra" dagoenik, geure begiez ikusi dugulako, baina inola ere ez komunikabideek, dena orokortuz eta Madrilgo irudiak eskaintzen dizkiguten bitartean, sinestarazi nahi liguketen mailan.

Inkesta baten arabera, EAEko gazteen %92ak tabernetara joateko ohitura du asteburuetan. %66a, gainera, diskoteketara joaten da. Botilatzarren fenomenoak gurean duen pisu eskasaz ohartarazten gaituzte datuok, tamalez alkoholak duen onarpen itzelaren berri ematen diguten hein berean.

Pilulen menpe



Gazteok lorik egin gabe ematen omen dugu asteburua, estasi eta antzekoak hartzearen ondorioz, adrenalinaz gainezka eta jairik jai. Hasteko, esan dezagun irudi hori eta botilatzarrean aritzen den gaztearena nekez elkar daitezkeela. Edozelan ere, eta haren kasuan bezala, Espainiako toki batzuetako gazteek omen dituzten zenbait ohitura penintsula osokooi egotzi nahi dizkigute, flamenkoa eta zezenketak (lehenbizikoarekiko begirune osoz esanda) estatu espainiarraren "nominan" dauden lurralde guztien berezko ohituratzat jotzen diren era berean.

Ez, bada. Hego Euskal Herriko gazteen %8ak probatu du inoiz estasia, eta %3ak hartzen ei du maiztasunez. Asko? Gutxi? Edozelan, ez estereotipoa sortzeko adinakoa.

Parranda bezalakorik ez dago



Heldu askoren (noraino heldu dira, bada?) aburuz, gazteon kezka nagusia, bakarra ez esatearren, ahalik eta parranda gehien eta luzeenak egitea da. Bost axola guri bizitzaren kontu serioak eta erantzukizunak. "Euskadiko Gazteak 2000" txostenaren egileek, aldiz, ez diote hori: taberna eta diskotekara joateaz gain, asteburuetan gazte gehienek irakurri (%85), kultur ikuskizunetara joan (%78), paseoan ibili (%72), mendira joan (%58), telebista ikusi (%88) eta halako "nagusientzako moduko" eginkizunetan jarduten dute.

Bestalde, eta dibertitzen ahalegintzeaz gain (edonor bezala, ezta?), gazteen kezka nagusia lana aurkitzea da, aipatu txostenaren arabera. Bigarrena, etxebizitza topatzea. Biak ere oso "dibertigarriak".