'Miss Carbon', Argentinako lehen emakume meatzariaren istorioa film bihurtuta

'Miss Carbon', Argentinako lehen emakume meatzariaren istorioa film bihurtuta Araban, Bizkaian eta Patagonian grabatu dute filma. Hego Euskal Herrian ekainaren 13tik aurrera ikusi ahal izango da zinemetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miss-carbon-argentinako-lehen-emakume-meatzariaren-istorioa-film-bihurtuta/@@download/image/Sebastián-Argüello_DSC01061-scaled.jpg
2025/05/21

Testua: Maitane Legarreta

Araban, Bizkaian eta Patagonian grabatu dute filma. Hego Euskal Herrian ekainaren 13tik aurrera ikusi ahal izango da zinemetan.
'Miss Carbon', Argentinako lehen emakume meatzariaren istorioa film bihurtuta

Beharbada azken egunotan sarean ikusiko zenuen Miss Carbon pelikularen trailerra, datorren hilean estreinatuko baita zinemetan. Filmak Carla Antonella Rodriguezen benetako istorioa kontatzen du. Argentinan emakumeek debekatuta zuten meatzaritzan aritzea eta berak, emakume transak, lehena izatea lortu zuen Patagonian, 2011n.

Superstizio baten arabera, emakumeak meatzean izateak eraiste arriskua areagotzen zuen eta, hori dela eta, gizonentzako lana zen meatzaritza. Carla Antonella Rodriguezek sinesmen eta aurreiritzi guztiei aurre egin eta gauzak aldatzea lortu zuen bere ametsari jarraiki. 

Agustina Macri filmaren zuzendariaren hitzetan, "bere ametsa meatzari izatea izan zen betidanik. Bere identitate transari esker, meatzeko eta herriko sistema matxista eta patriarkala hackeatzea lortu zuen. Ordura arte emakume batek ezin izan zuen meatzari izan, ez zen gizarteko imajinarioaren parte. Emakumeak urtean behin bakarrik sar zitezkeen meatzean, Santa Barbara zaindariaren egunean, bisita egiteko. Baina emakumeei ez zitzaien meatzari izateko indarrik eta gaitasunik aitortzen, gizonezkoei ez bezala". 

Zuzendariak adierazi duenez, "Carlitak meatzari eta emakume izateko ametsa betetzeko izan zuen ausardiak zeharkatu egin ninduen gidoia irakurri nuen lehen unetik. Bere indar eta izpirituarekin, amestuz, egin daitekeenaren adibide argia da, eta emakume eta trans modura oraindik konkistatzeko bide luzea dagoela erakusten du. Baina berak itxaropena dakar alde horretatik".

Espainia eta Argentinaren arteko koprodukzioa da filma, eta Araban, Bizkaian eta Argentinako Patagonian grabatu zuten sei astez. Agustina Macrik zuzendu du pelikula eta Erika Halvorsenek idatzi du gidoia. Filmeko protagonista, Carla Antonella Rodriguez, Lux Pascalek gorpuztu du. Harekin batera daude, besteak beste, Paco Leon, Laura Grandinetti, eta Romina Escobar aktoreak.