Misfits/Sick of it all: Kultuko burezurrak

Misfits/Sick of it all: Kultuko burezurrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/misfitssick-of-it-all-kultuko-burezurrak/@@download/image/38p14-1.jpg
2004/02/06
erreportajea
Alberto Bocos
Misfits/Sick of it all: Kultuko burezurrak
Hardcore talde sorta politak joko du Bergarako Jam aretoan hil honetan. Misfits eta The Tumbitas taldeak ariko dira hilaren 7an, eta Sick of it all, Most Precius Blood eta Bleeding Through 15ean. Hardcore zaleentzat ezinbesteko hitzordua

Punk mugimenduak lehen urratsak eman zituen 1977an. Misfits taldea garai horietan sortu zen, New Jersey-ko herrixka batean. 25 urte luze joan dira geroztik, eta Marilyn Monroe-ren azken filmaren izena —Misfits— lau haizetara zabaldu dute taldekideek. Urte hauetan guztietan, aldaketak izan dira taldean, talde paraleloak sortu dituzte —Danzig, Samhain, The Undead, Kryst The Conqueror—, eta justiziarekin hamaika auzi izan dituzte. Hala ere, hitz egin dezagun orainaz. Gaur egun, hiru kidek osatzen dute Misfits: Jerry Only abeslariak, hasieratik dagoen kide bakarra, Marky Ramone bateria jotzaileak eta Dez Cadena Black Flag-eko gitarra jotzaileak. "Project 1950" izeneko diskoa besapean dutela datoz gurera. Ez galdu aukera, euren musikak merezi baitu. Gogoan izan, Metallica, Guns N' Roses eta bestelako taldeek, New Jersey-koen kantuen bertsioak egin dituztela.

Sick of it all: New York-etik
Energia makina geldiezin hau Lou eta Pete Coller anaiek sortu zuten New York-en, 1984an. Hasieran, jarraitzaileen txaloa jaso zuen taldeak, Relativity, Combat eta Revelation diskoetxeekin grabatu zutenean. Baina, Eastwest multinazionalarekin "Scratch The Surface" (1994) grabatu eta gero, jarraitzaile "garbizale" askoren kritika zorrotzak jaso zituzten. Hala ere, ez dute etsi, eta Lost & Found eta Equal Vision diskoetxeekin aritu ondoren, "Life On The Ropes" plazaratu berri dute Fat Wreck diskoetxearekin. Agnostic Front, The Ramones, Cro-Mags, Underdog edo Bad Brains bezalako banden eragina antzeman daiteke taldearen musikan. Zuzenekoetan ez dute sekula huts egiten. Presta zaitez, beraz, New York-ekoen kontzertuetan ez baita atsedenaldirik.