Mirua taldeak hamaika kantuz osatutako 'Miruenea' diskoa kaleratu du

Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebek osatutako Mirua taldeak Miruenea diskoa kaleratu du gaur. Mugaz Gaindi, eta Salda badago kantu aurrerapenak, besteak beste, zabaldu zituzten aurrez, eta aste honetan Morroxko abestia aurkeztu dute. Euskal folklorearen sustraiak eta gaur egungo soinuak uztartu dituzte disko berrian, iraganaren eta orainaren artean dantzan.
Diskoa hamaika kantuz osatuta dago. Anbizioari buruz idatzi dute Guda dantzan, eta albuma egiteko motibazioaz; "denak nahi dugu zerbait, baina zenbat emateko prest gaude" kantatu dute. Lau Begi Eder abestian haien alderdirik rockeroena atera dute, TOC taldekoekin batera. Duela pare bat hilabete aurkeztu zuten bideoklipa.
Kolpatzear den aizkoran galerari buruzko hausnarketa egin dute, eta Bihotz bat-en tradizioaren eta sustraien garrantziari buruz egin dute gogoeta. Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberiorekin batera ondutako Gauerdiko kantorea-ren mistikotasunak harrapatu egingo zaitu lehen segundotik.
Hofe izan dute bidelagun desamodioaren inguruko Loreak Mendian kantuan. Artilea-n iraganaren eta gaur egungoaren arteko zubiaren metafora egin dute, Mattinen ahotsean. Zazpiak bat-en Tapia eta Leturiaren Loiolako Porrusaldari euren izaera eman diote, Leturia, Kiliki, Maixa eta Leire Leturiarekin batera.
Morroxko kantua eta bideoklipa aste honetan, diskoa baino egun batzuk lehenago, plazaratu dute. Tonu jostaria du eta Hernaniko parranda gau dibertigarri bat kontatu dute arin-arin erritmoan. Mattin Zeberiok zuzendu du bideoa eta Arriguri arduratu da argazki zuzendaritzaz. Diskoaren kontzeptua islatu dute irudietan: soinu, kultura eta bizipen askotarikoak ditu.
Diskoko kantuak zuzenean entzuteko gogoz bazaude, bihar bertan emango dute kontzertua Errenteriako Lekuona Fabrikan, 20:00etatik aurrera. XSakara ere izango da bertan.