Miriam Imaz, itsasoa begiradan

Miriam Imaz, itsasoa begiradan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miriam-imaz-itsasoa-begiradan/@@download/image/86p34miriam7_1363305792.jpg
2008/06/06
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Lander Garro
Urte asko daramatza lanean; egoskor, temati. Taula beti prest, orduak eman ditu itsasoari begira, olatu perfektua noiz harrapatuko. Eta azkenean, bete du bere ametsa: aurten, onenekin lehiatzen ari da Munduko Surf Zirkuituan. Ekaineko GAZTEZULOn Miriam elkarrizketatu dugu, eta seko harrituta geratu gara, olatuak begiradan itsatsi zaizkiola ikusita. Eskura ezazu GAZTEZULO zure kioskoan edo jaso ezazu etxean harpidetza bitartez.

Zarautzen lotu gara Miriam Imazekin, itsas bazterreko paradisu horretan. Hondartza huts-hutsik dago. Foka jantzitako surflari ausartak ez baleude, Zarautzen apokalipsia gertatu dela esango genuke. Ez da harritzekoa, ordea: zerua laino dago, eta lainoek jendea uxatzen dute.

Ez da igande zaleentzako eguna, beraz, eta lasai antzera elkartu gara Imazekin, kirolari txiki eta bikain honekin. Pixka bat lotsatuta aurkitu dugu hasieran. Ez du kazetarien aurrean hitz egiteko ohitura handirik (neska da), nahiz eta azken aldian askotan deitu diogun komunikabideetatik. Surfa modan dago…

Argiñano jatetxearen azpian dago Zarauzko surf elkartearen egoitza, eta hantxe jarri gara, sardina zaharren modura, petrilaren harri hotzean.

Hasi eta berehala, Imazek aipatu du asteburuan Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dutela. Gizonezkoekin aritzeko izena emana du, "behintzat nire txandako mutilak urduri jartzeko asmoz". Irri gaizto batez egin du aitorpena: on egiten du gaiztakeria horrek… Ahoa betetzen zaigu berdintasunaren leloarekin, baina zinez iraultzaile ematen dute hitzok belarrian. Miriam Imaz gailurrean dabil surf munduan. Aurten Munduko Surf Zirkuituan lehiatzen ari da lehen aldiz.

Zirkuituko lehen proba Australian egin zenuten, eta marrazoren bat ere ikusi zenuten, ezta?
Ikusi ez; baina bazebilen. Australiar batzuek ikusi zuten, eta denak uretatik ateratzeko agindu zuten. Badakit ni uretan negoen bitartean han ibili zela, neska batzuek gero aitortu baitzuten beraiek ikusi zutela, baina ez zutela ezer esan. Bigarren txanda iritsi zenean agertu zen aleta, eta argi ikusi zen marrazoa oso handia zela. Gero berriz hasi zen lehiaketa, eta gainera Hodeiri egokitu zitzaion [kar, kar…]. Kaka eginda zegoen! Asko inpresionatzen du, egia esan. Surfeatzen ari zarenean, ez duzu gehiegi pentsatzen, baina "Shark!" entzuten duzunean, ederki izutzen zara: "Australian nago, tope dago marrazoz beteta…"; horixe pentsatzen duzu.

Eta neskak, ez al zineten berriz uretan sartu?

Ez, ez… Neskek arrisku handiagoa omen dugu, hilerokoarekin-eta erakarri egiten baititugu. Hori esaten omen dute. Bada surflari bat, hawaiiarra [Bethany Hamiltonez ari da], beso bat falta duena. Hilerokoarekin ari omen zen surfeatzen, eta marrazo batek besoa haginkatu zion.

Eta zer izan da neska hartaz?

Txapelketetan topera jarraitzen du. Ikaragarria da. Oso gogorra da. Beso batekin arraun egiten du, eta olatuak azpitik pasatzeko goma moduko bat dauka taulan; sekulako meritua du.

Askotan irabazi duzu Euskadiko Surf Txapelketa, zer esanik ez Gipuzkoakoa, beste txapelketa asko ere bai… Horrek guztiak merezitako oihartzunik ez duela  izan uste duzu?

Bai, aspalditik nabil borrokan, neskak animatzen eta, baina ez pentsa honi garrantzi handirik ematen diodanik. Hor dago, sentimendua barruan dut, baina besterik ez. Oso gustura egiten dut surfa, eta oihartzuna, nolabait, bilatu egin behar da. Nik ez dut bilatu. Orain, bat-batean, dena etorri da, baina honek ere ez dit trabarik egiten.

Elkarrizketak egiterakoan, ez al zaizu gertatzen emakume izateagatik surfean jarduteagatik baino gehiago erantzun behar izatea?

Bai! [Kar, kar…] Gai hori beti ateratzen da, eta hainbat erantzun ikasiak eramaten ditut.

Brasilen izango duzue Munduko zirkuituko datorren txapelketa. Zu bakarrik joango zara. Zein da plana?

Hil honen erdialdean izango dugu. Normalean, han aurkituko duguna nahikoa lotuta eramaten dugu. Aldez aurretik asko informatzen gara, baina bai, plana nahikoa apala da: taulak hartu, hegazkinera igo, hotelera joan, txapelketa prestatu… Auto bat alokairuan hartuko dut, agian; ez dakit.

Esan nahi dizudana da azpiegitura osoa zuen esku izaten dela...

Bai, bai, antolatzaileek ez dute guretzat ezer jartzen. Nork bere azpiegitura antolatu bahar du derrigor.

Zirkuitua egiteko dirua behar da, beraz…

Bai, diru asko. Orain arte ez dugu laguntzarik jaso, eta, hortaz, ezin izan dugu munduko zirkuituan ibili. Aurten Estitxu Estremori eta bioi eman digute laguntza, eta, tira, ez da, berez, nahikoa, baina bada zerbait. Estatu mailan eta Europan aritu izan gara, baina honakoa jauzi handia da.

Azken aldian surfa asko entzuten da komunikabideetan; batik bat, Hodei Collazo eta Aritz Aramburu surflarien izenak. Horrek eraginik izan al du zuen egoeran?

Erabat. Collazok eta Aranburuk lan handia egin dute, eta, behingoz, asko-asko ari da nabaritzen; alor guztietan, gainera. Gure egoera zuzenean lotua dago horrekin.

Aipatutako bi surflari horiek ezagutzen dituzu; zein aholku eman dizute lehiatzeko?

Batik bat, lasai ibiltzeko, eta surfean ahalik eta ondoen egiteko eta borrokatzeko. Hala ere, oso garrantzitsua da non gauden jakitea. Alegia, ezin da munduko zirkuitura iritsi eta berehala arrakasta bilatzen hasi; pazientzia behar da, urteetan itxaron behar da.

Urteetan?

Hiruzpalau urte behar izaten dira tokitxoa hartzeko, eta nik beste horrenbeste denbora egon nahi nuke hor.

[Surflariaren estereotipoa goitik behera hausten du Miriam Imazek. Ilehoria da, eguzkiak argitutako begi ezin ederragoak ditu, baina, hortik aurrera, hanpadurarik eta itxurakeriarik gabe ibiltzen da. Akaso, surflariak ezagutzea da surflariei buruzko literatura oro baztertzeko —errealitateaz jabetzeko, alegia— modurik egokiena. Miriam galtza motzak eta txankletak jantzita agertu zaigu, Zarautzen fresko samar dagoen arren. Zinez, zaila da Miriamen barruan bizi diren itsas-emakumea eta neska surflaria bereiztea. Nolabait, erraz irudika genezake Miriam herriko bentan arraina saltzen, edo faenak hondatutako sareak josten. Postaleko surfaren antipodetan bizi da, labur esanda. Ez da bereziki hizlaria, baina berarekin, isiltasuna ez da deserosoa. Isiltasunean itsasoaren marmarra entzuten baita, olatuen berbaroa: zer da doinu hori baino ederragorik?]

Estitxu Estremo eta zu zarete munduko surf zirkuitoan lehiatu diren neska euskal herritar bakarrak; ez al da harrigarria?
Bai… ez dakit, horrela da. Askotan entzuten dugu emakumeen kirola gaizki dagoela, baina horrelakoetan, konturatzen zara zein neurritaraino den hori egia. Izango dira okerrago dauden kirolak, gainera. Hala ere, hori hemen gertatzen da. Frantzian, adibidez, neska mordoa ibiltzen da surfean.

Egia esan, oraintxe esan dugu Euskal Herriko lehen neskak zaretela, baina Lapurdin badira bi, Pauline Ado eta Lee An Curren, oso ondo dabiltzanak…
      
Pauline Ado lapurtarra da, baina Curren erdi-estatubatuarra da. Ongi dabiltza biak, eta urte asko daramatzate batetik bestera, negua hemendik urrun patatzen, behintzat. Goi mailako eskolak dauzkate… Egitura polita daukate han.

Behin baino gehiagotan bota dituzu zuk horiek uretatik…

[Kar, kar…] Batzuetan bai, baina baita beraiek ni ere!

20 minutuko saioak egiten dituzue txapelketetan; nolakoak izaten dira?

Itsasoaren arabera jokatu behar duzu, eta lehiakidearen arabera. Asko inprobisatu behar izaten da. Askotan dena hartzen saiatu behar duzu, beste batzuetan oso ondo aukeratu…

Epaileek zein irizpide erabiltzen dute olatuan egindako lanari puntuak emateko?

Gehienbat hasierako keinuak baloratzen dituzte, eta keinu horiek zorrotada onak botatzea: hasiera indartsua izatea, energia handikoa, ikusgarria. Irizpideak asko aldatzen dira. Garai batean, olatuak ahalik eta luzeen egitea saritzen zen gehien, ia bazterreraino joatea. Orain ez. Olatua hartu, hasierako maniobrak ongi egin, eta listo; ez dago zertan olatuan ordu erdian ibili.

Txiribueltak-eta baloratzen dira?

Bai, bai, denetik!

Eta zu zertan zara ona?

Ez dakit… bizkarka egitea gustatzen zait; agian, hori da nire ezaugarrietako bat. Uste dut, hala ere, baldintza guztietan moldatzen naizela ongi.

Hondartza ondoan bizi zara, eta pentsatzekoa da txikitan egun osoa emango zenuela uretan; halako batean taula hartu, eta olatuak desafiatzen hasi zinen… Surfa zerbait naturala da zuretzat?

Bai, txikitako bizimodu hura lan bilakatu da niretzat. Horrela da.

Lanaren ikuspegitik, ez zabiltza zorionetik oso urrun, beraz.

Ez, ez. Askotan esaten dut kexatzea debekatu beharko lidaketela. Oraintxe ez daukat zoriona bilatu beharrik. Anaia ikusten dut lanean, zortzi ordutan tailerrean, eta ederki konturatzen naiz nire zorionaz.

Eliteko kirolarien bereizgarri nagusia, gehienetan, burua izaten da: sakrifizioa, kontzentrazioa, konfiantza… Lehiaketei aurre egiteko gaitasuna, hain zuzen.

Lehen, lehiaketen aurrean asko kikiltzen nintzen, baina poliki-poliki, horri aurre egiten ikasten ari naiz. Kirolgiri esker, Izeberg taldearen laguntza dugu, eta horretan asko tematzen dira. Kirol psikologoak dira, eta presioaren aurrean disfrutatzen irakasten digute. Lan handia da, egia esan. Txapelketen aurretik gure surfa bistaratzen laguntzen digute; olatuaren gainean zer egin nahi dugun ondo berneratu, gero horixe egiteko, dudarik ez edukitzeko. Uretara sartu aurretik itsasoari begiratu behar zaio, ahalik eta gauza gehien garbi edukitzeko: olatua nola hartu, zer egin, nola… Konfiantza areagotzeko, alegia. Bestetik, txapelketari buruzko halako orri batzuk betearatzen dizkigute, aurretik eta ondoren nola sentitzen garen jakiteko, eta konparazioak egiteko, geure helburuak lortu ote ditugun egiaztatzeko, eta abar.

Zein da helburua? Entrenamenduetan lortutako maila horretatik ahalik eta gertuen egotea, edo, ahal bada, maila hori gainditzea?

Baten batek bigarrena lortzen du, baina ni ez naiz horraino iritsi. Gertatu izan zait lasterketa txar baten ondoren uretan pixka bat baztertu, eta olatuaren gainean sekulakoak egitea; ordu laurden lehenago ezinezkoa zirudiena egitea, alegia. Horrelakoa da kirola.

Demagun txapelketa bat irabazteagatik 600 euro ematen dizkizutela. Hori onartuta, pentsatu duzu gutxi gorabehera 500 txapelketa irabazi beharko zenituzkeela etxe bat ordaindu ahal izateko?

Ona! [Kar, kar…] Ez dut inoiz pentsatu, baina ikaragarria da, ezta? Puff, uste dut ezingo dudala marka horretara iritsi! Flipatuta laga nauzu!

Eskerrak maila handiagoko txapelketak badiren…

Eskerrak! Gainera, Zarautzen independizatzeko, 500 ez, 800 irabazi beharko nituzke!

Zarautz, bestela, gustuko duzu?

Irailetik ekainera bai. Uda garaian asko itsusitzen da. Hala ere, uda kanpoan pasatzen dut, lehiatzen eta abar. Lagunek askotan hitz egiten dute horretaz, udako inbasioaz, auto ilaretan ibiltzeaz...

Kirolariak, normalean, kirolaz aparte… Kirola egiten du!

[Kar, kar] Bai, hala da. Nik denetik egiten dut pixka bat. Duela gutxi, adibidez, rafting-a egin nuen. Bai, uretan taularekin ez nagoenean, beste kirolen bat egiten aritzen naiz. Bestela, lagunekin egotea ere gustuko dut, ehh, etzazu pentsa. Lagun asko ditut.

Kirolariaren bizitza ez da bakartia?

Bai, beti gustatu izan zait bakarrik egotea. Ez bereziki, baina pixka bat bai.

Besteekiko joera hori, mimoso samarra izatea alegia, ez da eliteko kirolarekin ondo ezkontzen…

Ez, arrazoi duzu. Taberna zulotik atera eta entrenatzera joateko pixka bat hotza izan beharra dago, eta ideiak oso garbi eduki behar dira. Pixka bat ezegonkorra bazara, akabo. Tematia behar duzu, sakrifizio ikaragarria delako. Jendearen arabera mugitzen bazara, beti eramango zaituzte nahi ez duzun tokira.

Topikoak dio "gazteak oso indartsu datozela"; egia ote da?

Ez dakit. Hemen gazte on asko dago, baina guk uste baino gehiago kostatzen ari da gure erreleboa aurkitzea. Ongi ibili eta horretaz bizitzeko asmoa duen askorik ez dago.

Ez duzu lehia arazorik, beraz.

Denok ongi ezagutzen dugu elkar. Ez dut horrelako arazorik. Uretan sartzen naizenean, ordea, irabaztera sartzen naiz. Ni uretatik kanporatu aurretik, nahiago dut nik bestea kanporatu… Benetan gustatuko litzaidake ikustea atzetik datozenak gogor ari direla. Bestalde, atzetik datozen neskek, guk egindako lanari esker, bidea eginda eta ateak irekita aurkitzea nahi nuke.

[Txikia eta zaharra da Zarauzko surf elkartea. Betiko futbol talde txikien egoitzen antza du. Egurrezko atetzarra, porlana, posterrak, toallak eta arropa nonahi… ez da luxurik ageri. Atarian jende mordoxka dabil, batzuk neoprenoz, beste batzuk kaleko arropaz. Denek agurtzen dute elkar. Denek dute "ura" jomugan. Ura da gakoa. Sartu ala ez sartu. Elkar agurtu, eta galdera hauxe izaten da: "Uretara?". Elkartearen ingurumarian dabiltzanak, ordea, inon baino gehiago, 'etxean' daude. Hemen elkartzen dira, hauxe dute txokoa, egoitza. Miriamek mundu guztia agurtzen du, besteek bezala. Baina ez da edonor. Soslaiez begiratzen diote batzuek; harritzekoa da? Ez, noski: onenetakoa da. Futbol zelaietan edota pilotalekuetan bezala, onenak onenaren ukitua du, ospea. Miriamek ere bai. Esango nuke, horratik, bera ez dela ohartzen. Asko banitateari begira geratuko lirateke, berak itsasoa begiratzen duen bitartean. Ez dago denbora galtzerik].

miriam imazen kuttunak



Jatekoa: Arroz paella eder bat.
Edatekoa: Zukua. Fruta freskoarekin egindako zuku eder bat.
Surflaria: Nire anaia.
Surfeatzeko leku bat: Mentawai. “Sumatran dago. Iaz izan nintzen aurreneko aldiz, eta artean horren olatu handiak hartu gabe nengoen. Flipatu egin nuen, eta aurten errepikatu nahi dut esperientzia. Anaiarekin joango naiz”.
Film bat: Blood Diamond. “Asko inpaktatu ninduen”.
Musikaria: Tracy Chapman.
Eguneko ordu bat: Goiza.