Miriam Cabeza: "Ez dut ohean antzeztu beharrik izan"

Miriam Cabeza: "Ez dut ohean antzeztu beharrik izan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miriam-cabeza-quotez-dut-ohean-antzeztu-beharrik-izanquot/@@download/image/miriam_cabeza_1396513069.jpg
2014/04/07
elkarrizketa
Euskal pantaila txikia umorez konkistatu du Miriam Cabeza (1984) donostiarrak; hura konkistatu nahi duenak ere, umorea beharko du lagun!


Nolakoa da kameren atzeko Miriam Cabeza?

Nik neuk ere ez dakit, nortasuna galtzen hasi naiz! Baina egia esan, kameleoien antzera, erraz moldatzen naiz egoeretara. Eta era berean, pertsonaia bakoitzarekin zer edo zer ikasten dut, egoerei nola aurre egin, bereziki. Bi noranzkoko harremana dugu.

Goreti Erauskin ile-apaintzaile abertzalea da, ziurrenik, zure pertsonaiarik ezagunena. Ligatzerako orduan, zer nahiago: orrazkera abertzalea ala klasikoa?
Orrazkera abertzaleak hurbiletik baloratu ostean esan dezaket, motots txikiek eta mailakatutako kopeta-ileek ez dutela mesede handirik egiten. Baina gominak eta behi batek miazkatu zaituela iradokitzen duen orrazkerak ere ez. Beraz, erdibideko zerbaitekin geratzen naiz, ohetik altxatu berritako orrazkerarekin, esaterako.

Zein da orain arte egin duzun eszenarik morbosoena?
Komedian aritu naiz bereziki, eta oheko eszenek ez dute errealistak izan beharrik. Are gehiago, zenbat eta artifizialagoa izan, orduan eta barregarriagoa izango da.

Baina noizbait egin beharko bazenu, norekin?
Komenigarria izaten da konfiantzazko norbait izatea, bizarra zertxobait moztu dezala eskatu diezaiokezun norbait…

Zein da inoiz bota dizuten piroporik politena? Eta arraroena?
Ez zaizkit aurrefabrikatutako piropoak gustatzen, parean duzun edonori botatzeko balio duten horiek. Nahiago dut momentuan sortzea. Behin harrituta geratu nintzen mutil bat hurbildu eta gosaltzeko zer nahi nuen galdetu zidanean, gaua elkarrekin pasako genuela ontzat emanda. Ausarta, bai horixe!

Antzeztu al duzu inoiz ohean?
Ez dut antzeztu beharrik izan. Eta une hori heltzen bada, egoera birplanteatuko dut. Gidoia baino, nahiago dut inprobisazioa.

Zein ezaugarri behar ditu Miriam konkistatzera hurbiltzen denak?
Pertsona naturalak atsegin ditut, burutsuak, itxurak egiteko beharrik ez dutenak. Umorea badu eta barre eginarazten badit, aukera asko izango ditu, eta gainera motibatzen duen horregatik borroka egiten badu, ezin hobeto. Baldintzak betetzen badituzu, jarri harremanetan erredaktoreekin, mesedez!

Eta zein teknika darabilzu gau ero bat ziurtatzeko?
Eskatzen dudana eskaintzen ahalegintzen naiz. Gaua dibertigarria izan bada, ondoren etorriko dena ere halaxe izango da. Fisiko erakargarria soilik duen norbaitekin joango banintz, ordea, aspertu egingo nintzateke!

Sexu kontuetan, nola dago Donostiako panorama?
Nik ez dut ligatzeko arazorik izan, baina egia da ez naizela inoiz ezezagunak arrantzatzera atera. Jendea ezagutzea gustatzen zait, hainbat egunetan topo egitea, zer gustatzen zaion jakitea… Gorteiatzea, alegia! –barrez–. Eta umorea, lagunak, horixe da sedukzio armarik eraginkorrena!