Miren Narbaiza: "Aspaldian entzundako diskoek ez naute erabat bete"

Miren Narbaiza: "Aspaldian entzundako diskoek ez naute erabat bete" MICE izenez batailatu du Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986) musikariak bere bakarkako lehen diskoa. Napoka Iriaren zilbor-hestea eten eta ahots propioa aurkitzeko abenturan murgildu da; dena den, abentura berrirako lagun aproposak hautatu ditu, eta berarekin taularatuko dira Joseba B. Lenoir (ekoizpen lana, gitarrak, baxua eta teklatuak), Ilargi Agirre (bateria), Ibai Gogorza (gitarrak) eta Lutxo Neira (baxua). Dagoeneko lotu dituzte lehen kontzertuak, eta bihar Iruñeko herriko tabernan eskainiko dute zuzenekoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miren-narbaiza-aspaldian-entzundako-diskoek-ez-naute-erabat-bete/@@download/image/Miren_Narbaiza_Mice.jpg
2018/01/23
elkarrizketa

Argazkiak: Mikel Larratxe / Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti

MICE izenez batailatu du Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986) musikariak bere bakarkako lehen diskoa. Napoka Iriaren zilbor-hestea eten eta ahots propioa aurkitzeko abenturan murgildu da; dena den, abentura berrirako lagun aproposak hautatu ditu, eta berarekin taularatuko dira Joseba B. Lenoir (ekoizpen lana, gitarrak, baxua eta teklatuak), Ilargi Agirre (bateria), Ibai Gogorza (gitarrak) eta Lutxo Neira (baxua). Dagoeneko lotu dituzte lehen kontzertuak, eta bihar Iruñeko herriko tabernan eskainiko dute zuzenekoa.
Miren Narbaiza: "Aspaldian entzundako diskoek ez naute erabat bete"

Eskarmentuko musikaria zara, eta bakarkako lehen lanarekin ausartu zara; nondik sortu da MICE?

Napoka Iriarekin geldi geunden une batean izan zen; lagun batek erakusketa bat animatzeko eskatu zidan, eta hura izan zen nire bakarkako lehen emanaldia. Ekitaldi horretarako hainbat kantu prestatu nituen, eta hor piztu zitzaidan proiektu honi heltzeko grina. Napokarekin amaitu genuenean, beraz, erraz ekin nion bakarkako lanari.

 

Bakarkako lehen lana bai, baina ez duzu bakarrik osatu.

Ez, musikalki asko estimatzen ditudan lagunak izan ditut alboan, batez ere, Joseba B. Lenoir. Disko hau elkarlan bat izan da; proiektuaz hitz egin nionean, bere burua aurkeztu zuen lana ekoizteko, eta maketarekin lagundu zidan. Ilargi Agirre ere Perlak taldetik ezagutzen nuen, eta Napokarekin ere lan egina nintzen Iñigo Irazokirekin; ireki berri duen estudioan grabatu dugu MICE. Gainera, zuzenekoetan Ibai Gogorza eta Lutxo Neira izango ditut alboan; boskote polita osatuko dugu.

 

 

MICEren azalak zein barruko zortzi abestiek iluntasun bat transmititzen dute; barruan duzunaren isla ote?

Joera daukat iluntasunera hurbiltzeko, asko identifikatzen naiz atmosfera horrekin, giro horiekin; Mikel Larratxek egin zituen azaleko argazkiak, eta hasieratik gustatu zitzaizkidan, soiltasuna eta indarra transmititzen dutelako. Kantuek ere badute iluntasun puntu bat; egia da hasi ginenean ez nuela oso definituta disko honen estiloa zein izango zen, baina emaitza pila bat gustatu zait, erabat identifikatzen naiz diskoarekin. Oraindik ere ez dut nire estiloa erabat definitu, baina hasi besterik ez gara egin.

 

Taula gainera bostok igotzeko asmoa duzue?

Bai, gehienetan; banda giroan osatu dugu diskoa, eta printzipioz, bostok eskainiko ditugu kontzertuak. Dena den, emanaldi intimoagoak ere emango ditut, batzuetan Josebarekin, bestetan bakarka. Kantu moldagarriak dira, giro ezberdinetan berdin funtzionatu dezaketenak; leku bakoitzera egokituko ditut.

 

Askatasun osoz sortzeko aukera izan duzu; zerk inspiratu zaitu?

Aurretik ere askatasunez sortzeko aukera izan dut, baina egia da oraingoan nahi nuena egiteko gai izan naizela. Gertatzen zaizkidan gauzek inspiratu naute oraingoan, ariketa introspektiboa egin dut; inguratzen nauena ere kontutan izan dut, aldaketen beharrak, bizitzeko gogoak... sentipen horiek inspiratu naute.

 

Non kokatuko zenuke MICE egungo panorama musikalean?

Oraindik ez dakit non dagoen, baina arrera ona izaten ari da, eta horrek lasaitzen nau. Atzean utzi ditut hasierako urduritasunak, eta erabat eroso sentitzen naiz MICErekin. Egungo panorama musikalaren inguruan, aitortu beharra daukat pixka bat galduta nagoela; badaude gauza interesgarriak, baina niri gustatzen zaizkidan taldeak ez dira entzutetsuenak izaten. Funtzionatu duten formulak etengabe errepikatzen diren sentsazioa daukat; aspaldian entzundako diskoek ez naute erabat bete.

 

Urtea hasi, eta dagoeneko baduzu lotutako kontzertu sorta; Miren Narbaizaren urtea ote?

[Barreak] Jotzea lortzen badut, bai, izango da Miren Narbaizaren urtea! Gogotsu eta ilusioz betea hasi dut etapa berri hau; bihar Iruñean izango gara, 26ean Bergaran, otsailak 1 Bilbon, 4an Durangon, 16an Zarautzen... zuzenekoa sendotuz joango gara, talde bezala definitu arte.

 

ENTZUN MICE HEMEN