Miren Artetxe: “Ez naiz behin ere geratutako orduan iristen"

Miren Artetxe: “Ez naiz behin ere geratutako orduan iristen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miren-artetxe-ez-naiz-behin-ere-geratutako-orduan-iristenquot/@@download/image/46p52-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Hendaiarra. Irailean, Lizardi Saria erdietsi zuen Zarautzen: "Ezusteko polita bezain atsegina izan zen". 19 urte. Burugogorra. Gemini. Euskal Filologia ikaslea, Gasteizen. Koadrilako lagunekin egotea eta jaietan ibiltzea biziki laket ditu. Hertzainak du musika talde kuttunena.

Lasaigarri zait: Musika. Tracy Chapman asko gustatzen zait, besteak beste.

Sutan jartzen naute: Politikariek. Euskal Herrian ari direnek ez dute maila handirik.


Gustura irakurri nuen:  Bernardo Atxagaren "Ziutateaz". Pare bat aldiz irakurri dut jada.

Lo seko geratu nintzen irakurriz:  Jostein Gaarderren "Sofiaren mundua". Hala ere, azkenean, amaitu nuen.


Bertutea: Alaia naiz.

Akatsa: Gauzak bi aldiz pentsatu gabe botatzen ditut.


Ametsa:  Egun batean, bederen, egiteko ezer ere ez izatea.

Amesgaiztoa: Ez naiz behin ere geratutako orduan iristen.


Barre algara eragiten dit: Kontakizun on batek.

Negargura ez dut urruti:  Euskal Herriko egoera politikoa ikusita.


Urrea: Anjel Lertxundi idazleari, Berria-ko bere zutabea eguneroko poza baitut.

Ikatza: Komunikabideei, oro har. 

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ate gutxi jo ditut, baina, azkenean, ireki dira, egun zabal-zabal ez badiraute ere.

"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Beste batzuen antzera, neronek ere kalabazak jaso izan ditut.


Zein plazatan egin duzu bertsotan gustuen? Zarautzen, Lizardi Sariko finalean; jendartean egin dudan saio onenetakoa izan zen.

Eta non pasatu duzu okerren 'poto' bat egiteagatik? Nahi gabe eginez gero, ez da gaizki pasatzen. Hala ere, une horiek ez dira gozoak izaten.


Hatzak zupatzen ditut: Amak egiten dituen urdaiazpiko kroketekin.

Gogoko ez dudan jakia: Azalorea. Txikitan jangelan ez nuen jaten, eta gosez egoten nintzen.


Dirua ordainduko nuke: Gidabaimena ateratzearen truke. Irrikatan nago, baina alferrik nabil. 
Ez nioke xentimorik ere emango: Benetako premiarik ez duenari, behar ez duenari.