Miren Amuriza eta Arantxa Urretabizkaia literatura eta bertsolaritzari buruz arituko dira Bilbon
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak literaturari eta bertsolaritzari buruzko beste saio bat egingo du bihar, 19:00etan, Eztabaidak literaturarekin ekimenaren barruan. Miren Amuriza bertsolari eta idazleak eta Arantxa Urretabizkaia idazleak hartuko dute parte bertan, eta Aritz Gorrotxategi idazlea ere izango da haiekin batera.
Hainbat gai izango dituzte hizpide: ea idazlea jaio egiten den ala jaio eta egin egiten den; zenbat inspirazio eta zenbat lan dagoen ofizioan; eta inspirazioa non bilatzen den eta nondik datorren. Horrez gain, bertsoak eta ikuskizunak idazteari buruz ere hitz egingo dute.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) ibilbide luze eta oparoko idazlea da. Historian lizentziatua da eta Euskaltzaindiko kidea, eta baita hainbat komunikabidetako kolaboratzailea ere. Horretaz gain, zinerako gidoiak ere idatzi izan ditu. Literaturan 1972an argitaratutako San Pedro bezperaren ondokoak poema liburuarekin ezagutu genuen eta hamar urte geroago Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen Maitasunaren magalean bere bigarren poema liburuagatik. Narraziogintzan ere hainbat lan argitaratu ditu, hala nola Zergatik panpox, Saturno, Koaderno gorria, eta 3 Mariak. Saiakeraren euskarazko Euskadi Literatura Saria ere jaso zuen Euskadiko Bidean ikasia (1993-2016) lanarekin.

Miren Amurizak (Berriz, 1990) Euskal Filologia ikasi zuen eta ondoren Haur eta Gazte Literaturan espezializatu zen. Prentsa idatziko hainbat hedabidetan kolaboratu du eta haurrentzako hainbat liburu argitaratu ditu. Basa du izena bere lehen eleberriak eta Igartza Beka eskuratu ondotik argitaratu zuen. Siete Calles 2019 saria ere jaso zuen lan honengatik. Idazketa eta bertsolaritza uztartzen ditu.
Sarrera doakoa eta librea izango da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da webgunean.

