Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' irakurriko dute, etenik gabe, Bilboko Arriagan
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioa izango da bihar, ekainak 8, eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberria irakurriko dute. Liburu honen hautaketari dagokionez, antolatzaileek aipatu dute "gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea" duela helburu, "literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea" eta "klasikoetatik orainera zubia eraikitzea".
Arriaga Antzokian izango da ekitaldia, goizeko zortzietatik ordu bietara. Miren Agur Meabek berak irakurriko ditu lehenengo lerroak eta, ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Hainbat arlotako jendeak parte hartuko du: kultura eta gizarte eragileak, ikasleak, irakasleak, erakundeetako ordezkariak, elkarteetako kideak, etab. Gainera, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko berrogeita hamar euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak ere proiektatuko dira tarteka.
Arriaga plazan jarritako pantaila erraldoiaren bidez jarraitu ahal izango da zuzenean, eta baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa ere ipini dute.
