Miren Agur Meabe idazlea euskaltzain oso izateko hautagaia da

Miren Agur Meabe idazlea euskaltzain oso izateko hautagaia da Otsailaren 25ean egingo duten osoko bilkuran jakingo da Xabier Kintana euskaltzain emerituaren lekua berak beteko duen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miren-agur-meabe-idazlea-euskaltzain-oso-izateko-hautagaia-da/@@download/image/6149e727220000ec0052affb.jpg
2022/02/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Otsailaren 25ean egingo duten osoko bilkuran jakingo da Xabier Kintana euskaltzain emerituaren lekua berak beteko duen.
Miren Agur Meabe idazlea euskaltzain oso izateko hautagaia da

Miren Agur Meabe idazle bizkaitarraren izena aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai. Euskaltzain urgazlea da 2006az geroztik, eta orain Xabier Kintana emerituak utzitako lekua betetzeko aukera du lekeitiarrak. Xabier Kintana emeritu izatera igaro zen pasa den urrian, eta hautagaiak aurkezteko epea ireki zuten orduan. Otsailaren 25ean egingo den osoko bilkuran euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, euskaltzain oso izendatuko dute hautagaia. 

Euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok, gutxienez, izenpetu behar dute. Gainera, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar izaten dituzte xeheki. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi zituen, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, prosan zein poesian. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta hiru aldiz lortu du Euskadi saria, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Literatur itzulpengintzan ere aritzen da eta, besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara. Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte.