Miren Agur Meabe euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Miren Agur Meabe euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak Xabier Kintanak utzitako lekua beteko du Euskararen Akademian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miren-agur-meabe-euskaltzain-oso-izendatu-du-euskaltzaindiak/@@download/image/meabe2.jpg
2022/02/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Xabier Kintanak utzitako lekua beteko du Euskararen Akademian.
Miren Agur Meabe euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Euskararen Akademiak euskaltzain berria aukeratu du: Miren Agur Meabe idazle eta itzultzaile bizkaitarra. Xabier Kintana emeritu bihurtu izanaren ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, euskaltzainek Meabe aurkeztu zuten hautagai urtarrilaren 28an. Bozketa egin zuten euskaltzain osoek joan den ostiraleko Osoko Bilkuran, eta Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen botoen gehiengoa lortu zuen idazleak. Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain lekeitiarrak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe bera izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Ondoren, harrera-ekitaldia egingo zaio. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an eta, ostiralean hartutako erabakiaren ondotik, euskaltzain oso izango da. 

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) irakasle-ikasketak egin zituen eta Euskal Filologia ere ikasi zuen. Irakaskuntzan eta testu-liburugintzan aritu zen urte askoan eta, egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, prosa zein poesia. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria ere hiru aldiz lortu du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Literatur itzulpengintzan ere aritzen da tarteka eta, besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara. 

95 euskaltzain oso 1918tik
Gaur egun, 24 euskaltzain osoz, 7 euskaltzain emerituz, ia 150 bat euskaltzain urgazlez eta 68 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 95 lagun euskaltzain oso izendatu ditu Akademiak 1918tik gaurdaino.

Ondorengo hauek dira gaur egungo hogeita lau euskaltzain osoak: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbide. Euskaltzain emerituak, berriz, honako zazpiak dira: Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.