Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileeen 'Harpa jotzen' podcasta estreinatuko da astelehenean
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek sortutako Harpa jotzen umorezko podcasta estreinatuko da astelehenean, hilak 13, EITBPodkast atarian. Sortzaileek azaldu dutenez, "egunerokotasuneko gauza txikien inguruko txoko alai bat" izan nahi du, eta zortzi ataletan "txorakeriei eta fundamenturik gabeko gauzei" eskainiko die tartea bikoteak. Hala, podcasta baino "POZkasta" izango dela iragarri dute, "alaitasun eta POZarentzat txoko bat".
Atal bakoitzak bi zati izango ditu: lehenengoan, gai jakin baten inguruko solasaldia egingo dute, umorez; eta, bigarrenean, gai horri buruzko "elkarrizketa xelebrea" egingo diote gonbidatu bati.
Honako gaiak jorratuko dituzte podcastean, besteak beste: barrea, kuadrilla, sexua, lo egitea, mendia eta euskara. Gonbidatuei dagokienez, berriz, ondorengoek hartuko dute parte: Jon Plazaola, Lorea Agirre, Manu Etxezortu, Bea Egizabal, Iñigo Antsorregi, Aitziber Garmendia, Ana Galarraga eta Joxe Rojas. Lehen ataleko gonbidatua Bea Egizabal aktore eta umoregilea izango da.
Martiarena eta Torregarai aritu dira zuzendari eta gidoinari lanetan eta Iñigo Etxarri arduratu da soinu zuzendaritzaz, musikaz eta grabaketez. Ekoizpena eta koordinazioa, berriz, Hiru Damatxok egin du. Podcastaren irudia Unai Gaztelumendirena da.

Zortzi atal izango dira guztira eta bi astez behin argitaratuko dute, astelehenean hasita, EITB Podkasten eta gainerako plataformetan.

