Mintzola Fundazioak bi egitasmo jarri ditu martxan datozen hilabeteetarako

Mintzola Fundazioak bi egitasmo jarri ditu martxan datozen hilabeteetarako https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mintzola-fundazioak-bi-egitasmo-jarri-ditu-martxan-datozen-hilabeteetarako/@@download/image/mintzola_nagusi_1370956462.jpg
2013/06/12
berria
Aurten lehen aldiz, bertsolaritzaren inguruko doktorego-tesia egiteko beka deialdia zabaldu dute Mintzola Fundazioak, Mikel Laboa Katedrak eta EHUko Errektoreordetzak; halaber, uztaila hasieran Ahoa Bete Hots jardunaldiak egingo dituztela jakinarazi du Mintzolak.


Mintzola Ahozko Lantegian agerraldia egin zuten atzo Bertsozale Elkarteko lehendakari eta Mintzola Fundazioko patronatuko kide den Iñaki Muruak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari den Zigor Etxeburuak. Haiekin batera izan ziren Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedraren zuzendaria, Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara Errektoreordetzaren ordezkaria, Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko ikerkuntza arduraduna eta Pello Añorga ipuin kontalaria. Arrazoia: denen artean abian jarritako bi egitasmoren berri ematea.

Ikerketa beka
Ekimenetan lehena, bertsolaritza ikertzeko kontratu deialdia da. Aurten lehen aldiz eskainiko dute horretarako aukera, eta ikerlariak Bertsozale Elkartearen Ikerkuntza Planean ageri diren ikergaietan oinarritu beharko du lana; hala nola, adin bakoitzean bertsozaletzeko arrazoiak zeintzuk diren, bertsolaritzaren transmisio moduak zeintzuk diren, edota transmisio horiek hezkuntzako nahiz gizarteko esparruetan eragin ditzaketen onura eta ekarpenak zeintzuk diren ikertu beharko du beka jasotzen duen pertsonak.

Helburu nagusia bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da, eta nork bere burua aurkezteko epea uztailaren 10era bitarte izango da zabalik. Info gehiago nahi izanez gero, sartu hemen.

Ahoa Bete Hots jardunaldiak
Bigarrenik, Ahoa Bete Hots jardunaldiak aurkeztu zituzten, antzerkia, bertsolaritza, ipuingintza eta kantugintzan interesa duten horiei zuzendutako jardunaldiak, alegia. Bereziki, alor hauen inguruan diharduten irakasle, begirale eta hezitzaileengan pentsatuz sortu ziren, baina lehen hurbilketa egin nahi duten horiei ere zabaldu diete deialdia.

Uztailaren 3an, 4an eta 5ean egingo dituzte Villabonan, eta izena emateko epea ekainaren 25era bitarte izango da zabalik. Horretarako, (0034) 943 69 38 70 telefonora hots egin behar da, edota www.mintzola.com helbidera idatzi. Kuotak norberaren egoera profesionalaren araberakoak dira, beraz, egin kontsulta eta hartu parte.