Mintzanet: ezina online ekinez egina

Mintzanet: ezina online ekinez egina Euskaraz mintzatzeko lagunen bila dabiltzanak batzen ditu Mintzanet plataformak; munduko edozer txokotan egonda ere, Interneti esker euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen dute. Bidelari zein bidelagun bila dabiltza! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mintzanet-ezina-ekinez-egina-2/@@download/image/mintzanet.jpg
2017/03/29
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Euskaraz mintzatzeko lagunen bila dabiltzanak batzen ditu Mintzanet plataformak; munduko edozer txokotan egonda ere, Interneti esker euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen dute. Bidelari zein bidelagun bila dabiltza!
Mintzanet: ezina online ekinez egina

Euskaraz hitz egin nahi duzu eta ez dakizu norekin? Euskara prakitkatu nahi duen norbaiti lagundu nahi diozu? Euskara praktikatu nahi dutenak laguntzeko prest dauden euskal hizlariekin batzen ditu Mintzanet plataformak. Maramararen irabazi asmotik gabeko plataformak Internet bidez lotzen ditu bidelari eta bidelagunak, Internet bidez euskara praktikatzeko aukera eskainiz. 2013an jarri zuten martxan proiektua, eta 2016ko datuen arabera, 475 lagunek erabiltzen dute euskaraz mintzatzeko plataforma.

Munduko edozein txokotan zaudela, euskaraz hitz egiteko mintzalagun batekin kontaktuan jarri zaitzake Mintzanet plataformak; bestalde, euskara praktikatu nahi duen norbaiti laguntzeko prest bazaude ere, plataforma horren bidez jar zaitezke hizlari berriekin kontaktuan. Hartu-eman horiek online egiten dira, eta Mintzaneteko arduradunek kontaktuak egin eta egutegia finkatu bezain laster, mintzapraktika hasi daiteke. Praktika erabat librea da Ainara Loiarte Mintzaneteko arduradunaren esanetan: "Internet bidez, noiznahi, euskaraz mintzatzen diren lagunak topatu ditzakete erabiltzaileek. Oso erraza da! Hizlariek aukeratu dezakete praktikarako ordua eta mintzatzeko gaia ere beraiek nahi dutena izan daiteke".

Mundu osotik jaso dituzte Mintzanetekoek euskara online praktikatzeko eskaerak; Euskal Herritik ez ezik, Argentinatik, Uruguaitik eta orokorrean, euskaldunak dituen edozein herrialdetik praktikatu daiteke euskara. "Egun izena emanda dutenen %20 atzerritarrak dira; kanpoan bizi diren horietako asko euskara galdu nahi ez duten gazteak dira. Bestalde, %80 Euskal Herrikoak dira; Iparraldera eta Nafarrora gehiago zabaltzeko erronka dugu". Orduekin ados jartzea litzateke zailtasun handiena, eta horretarako bitartekari lanak egiten dituzte Mintzanetekoek: "Praktika hasi aurretik agenda zehazten dugu bi hizlarien artean, guk ere jarduna kontrolatu ahal izateko. Saioek gutxienez ordu-erdi iraun behar dute, eta bi astean behin edo astero egin daitezke, erabiltzaileen nahien arabera".

Erabiltzaileak oso fidelak direla nabarmendu du Loiartek: "Behin Mintzaneteko praktikak hasita, erabiltzaileak oso gustura ibiltzen dira, eta fideltasunez jarraitzne dute zehaztutako egutegia. Adin guztietako erabiltzaileak ditugu, baina mintzalarien bataz besteko adina 40 ingurukoa da. Askok uste dutenaren aurka, jende heldu askok ematen du izena, eta horregatik abiatu dugu 65+ plan berezia".

Bidelari zien bidelagun direlarik, gazteengana iristea ez da erraza Loiarteren hitzetan. "Internet bide mintzatzeko aukera honi esker erabateko malgutasuna eskaintzen dugu, baina gustatuko litzaiguke gazte jendearengana gehiago iristea; euskara praktikatu, beharra duenari lagundu eta lagun berriak egiteko aukera eskaintzen du Mintzanetek".

 

BIDELARI ETA BIDELAGUNAK

 

Bidelaria: Euskara maila hobetu nahi duen edonor izan daiteke, eta horretarako beste pertsona baten laguntza behar du. Parte hartu ahal izateko maila minimo bat behar du. Elkarrizketa bat mantentzeko gai izan beharko du. Hori frogatzeko azterketa txiki bat egin beharko da (B1 maila).

Azterketa egin nahi duzu? SAKATU HEMEN.

Bidelaguna: Euskara ongi dakien norbaitek (ez da titulurik eskatzen) laguntza eskaintzen dio praktikatu nahi duenari. Mintzanetek laguntzaileak behar ditu!

Bidelagun izan nahi duzu? SAKATU HEMEN.

 

MINTZALAGUNEN ESPERIENTZIAK

Iker Elustondok (Berrobi, 1989) Internet bidez izan zuen Mintzaneten berri. Izena eman bezain azkar hasi zen euskara praktikatzen laguntzen. Gaur egun, astero hitz egiten du Cork-en (Irlandan) bizi den emakume batekin (nahiz eta bera Alemaniakoa izan).

 

Vanesa Alcega Cortesen (Nafarroan) bizi da eta logopeda da. 2008. urtean, Tuterako Hizkuntza Eskolan euskara ikasten hasi zen, familiei euskaraz aritzeko aukera emateko. Bertan izan zuen Mintzaneten berri. “Cortesen familia bakarrarekin hitz egiten dezaket euskaraz, bestela hilean behin Tuterara joaten naiz mintzapraktika egitera”.

 

Eta zu, animatuko euskara hobetzen ari direnekin hitz egitera? EMAN IZENA eta sekulako aukera eskainiko diezu beren ingurunea dela-eta euskaraz aritzeko modurik ez dutenei. Hala, euskara lantzeko, hobeto ezagutzeko eta gozatzeko aukera edukiko dute.