Mintza Eguna egingo dute Hendaian igandean

Mintza Eguna egingo dute Hendaian igandean Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale ugari elkartuko dira bertan, 'Probatu ez duenak ez daki zer den hau' lelopean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mintza-eguna-egingo-dute-hendaian-igandean/@@download/image/ME-kartel-orokorra2.jpg
2022/06/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale ugari elkartuko dira bertan, 'Probatu ez duenak ez daki zer den hau' lelopean.
Mintza Eguna egingo dute Hendaian igandean

Euskaltzaleen Topaguneak azaldu duenez, "6.000 pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko; beste 1.000 aritzen dira sarean. Azken bi urteetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eman diguna, eta asko handitu da parte hartzea". 

Topaketa honetarako Hendaia aukeratu izanak ere badu bere arrazoia: "Mintzalagunon sarea Lapurdira ere zabaltzea lortu dugu, Mintzaian elkartearen eskutik. 2015etik dihartute Hendaian euskalduna eta euskaltzalea bihurtzen, hainbat ekintza antolatuz eta momentu honetan hiru Mintzalagun talde dabiltza martxan Hendaian. Mintzalagunek sekulako ekarpena egiten diote euskalduntzeari: taldean elkarrekin euskaraz arituz eta ohitura hori ingurukoengana zabalduz, hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko aukerak zabalduz. Horregatik, Hendaiako esperientzia baliagarria izan daiteke Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta Iparraldeko euskalduntzean eragiteko".

Berezitasunik ere izango du topaketa honek. Alde batetik, Mintzanet edo Jalgi hadi mundurako sareen bidez mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideek ere parte hartuko dute. Bestetik, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Gorrak federazioak esperientzia berri bat jarri dute martxan pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatu dezaten, eta zeinu hizkuntzako interpreteak izango dira Mintza Egunean. 

Eguerdian ongietorri ekitaldia egingo dute, txistulariekin eta Gaztelu Zahar abesbatzarekin. Ondoren, aperitifa izango da, eta Hendaia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte gero, bat tren txikian eta bestea Andoni Etxarrirekin. Bertsolariak arituko dira 14:25etik aurrera, eta bazkaltzeko tartea ere hartuko dute. Bazkalostean, laurak aldera, haurrek esperimentazio eta sormenerako aukera izango dute

Jarraian, esker-emate ekitaldia eta munduko Mintzalagunekin topaketa izango da. Urtero bezala, Mintzalagun talde batzuk omenduko dituzte eta, horrez gain, munduko hainbat txokotatik jaira batuko diren euskaldunekin bat egingo dute. MintzaPoza jolasa ere egingo dute, eta Imuntzo eta Belokiren erromeriarekin borobilduko dute eguna.