Mintza Eguna 2013, larunbatean Elgoibarren

Mintza Eguna 2013, larunbatean Elgoibarren https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mintza-eguna-2013-larunbatean-elgoibarren/@@download/image/me13_pegatina_1369653850.jpg
2013/05/27
berria
Euskal Herri osoko mintzalagunak batzen dituen urteroko jaia 'Mingainak dantzan' lemapean dator aurten. Ekainaren 1ean izango da, Elgoibarren, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.


Mintza Egunaren zortzigarren edizio honek baditu bi ezaugarri berezi. Batetik, Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak 50 urte bete ditu eta, hain justu, urteurrena ospatzeko modu ezinhobea iruditu zaie urtero Euskal Herri osoko mintzalagunak elkartzen dituen festa herrian bertan antolatzea. Bestalde, aipagarria da 20 urte joan direla Donostiako Bagera elkarteak aurreneko mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik, lehen saiakera hartatik hedatu baitzen programa gainontzeko herrietara. Horrenbestez, bada zer ospatu larunbat honetan Elgoibarren.

Euskaltzaleen Topaguneak eta Izarra Kultur Elkarteak Elgoibarko Udalaren, euskaltegien eta beste hainbat kultur eragileren laguntzarekin antolatutako jaiak 300 bat mintzalagun erakartzea espero dute. Guztiek elkarren berri izan, Elgoibarko txokoak nahiz historia hobeto ezagutu eta mingainak dantzan jartzeko aukera edukiko dute, izan ere, egun pasa on baterako egitaraua prestatu dute.

Goizean Maalako parkean ongi etorria eta hamaiketakoa egin ostean, ibilaldi gidatuan abiatuko dira Pello Arrieta historialariaren eskutik. Mintza kalejira eta bazkaria ere izango dira eta, arratsaldean, sari banaketarako eta bertsotarako tartea helduko da. Amaitzeko, erromeriak borobilduko du egitaraua.

Elgoibarko berbalagunak nabarmen inplikatu dira aurtengo Mintza Egunaren antolaketan eta, besteak beste, bideo bat grabatu dute Euskal Herriko gainerako mintzakideei hurbiltzeko gonbidapena luzatuz.

Mintzapraktika egitasmoak


Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura
dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Gaur egun 5.500 mintzalagun daude Euskal Herri osoan, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo inguruko eskualdeak).