Mingaina astintzen

Mingaina astintzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mingaina-astintzen/@@download/image/76p11_1363950396.jpg
2007/07/06
erreportajea
Ekhi Erremundegi


Ez dizuet aurkeztuko, ez dizkizuet arauak azalduko ere. Denek ezagutzen duzue/dugu. ETBko fenomeno berria bihurtu da Mihiluze. Kameleoiaren mingaina Euskal Herriko etxe guztietara iritsi da jadanik, eta euskaldun gehienak xurgatu, eta gauero,  ordu berean telebista piztu eta begiratzera eraman gaitu.

Kike eta Ilaskik zuzendurik, Euskal Herri osotik etorritako bikoteak nola moldatzen ote diren begira egoten gara gauero. Batzuk irabaztera doaz. Besteek (gehienetan, nahigabe) joan-etorri laster batez konformatu behar izaten dute. Ororen buru, denek ongi pasatzen dute.

Kikeren dantza beroez eta Ilaskiren jantzi motzez —oso motzez— gain, Mihiluzek gauza asko ekarri digu. Alde batetik, euskararen aberastasunaz bertatik bertara ohartzeko aukera. Gauero harridura berdina sentitzen dut Tribuaren berbak jokoan agertzen diren hitzak ikusiz, eta gauero, galdera bera etortzen zait burura: nondik ateratzen dituzte hitz horiek? Inork inoiz entzun al du Mihiluzetik kanpo silbota hitza? Edo bilinboloa? Edo ahula, maletarentzat? Nik ez! Bestalde, ETBn azken urteetan ikusi ahal izan ez duguna ikusteko aukera eman digu: euskararekin eta euskaraz josta daitekeela. Pozgarria da, ETBn, Euskal Herri osokoei —hots, Iparraldekoei ere— zuzendua zaien emankizun bat ikustea.

Hala ere, gauero begiratuz gero, freskotasun falta nabari du! Kameleoiaren gisan, kolorez aldatzeko garaia iritsi zaio, beharbada. Haatik, emankizun bikaina iruditzen zait, eta ahal bezain bat denboraz mihiari koxk egin gabe ibiltzea opa diet! Biba zuek, eta segi mingaina astintzen!

Behi arrakastatsuak



Gora gora gora gora e e e! Behera behera behera e e e!! Nork ez du ezagu-tzen Betizuren kanta? Euskal Herriko haur gehienak eta gazte eta heldu asko harrapatu ditu bere zurrunbiloan, berez txikienentzat egina den emankizunak. Betizu, Betisuisse eta Emeuren abenturek Super Bat-en garaia ekartzen didate gogora. Behi Eroen gaitzak ez ahal du harrapatuko!!

Super umezaina



AEBetatik Supernanny ekartzea izan da ETBren aurtengo beste berrikuntzetatik bat; hau da, euskaraz erranez gero, Super Umezaina. Hotzgailuari kosk egiten saiatzen diren haurrak ikusteko aukera paregabea! Egia da guraso askok haurrak nola hezi ez dutela asmatzen... Baina horretarako ere super heroi baten beharra al dugu?