Minbiziaren aurkako txertoa errealitate bihurtu liteke 2030. urterako

Baieztapen hauek Moderna laborategi farmazeutikoak egin ditu: zazpi urteren buruan minbiziaren aurkako txertoa izango dugu. Horretaz gain bihotzeko gaixotasunentzat eta bestelako eritasunentzat irtenbideak prest izango dituela hamarkadaren amaierarako iragarri du. Entsegu klinikoak jada martxan dira Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan eta emaitzak itxaropentsuak dira.
Modernak adierazi duenez, egun sendabiderik ez duten tumoreentzat eraginkorra izango litzateke txertoa, eta mota ezberdinetako tumoreentzat baliagarria izango litzateke.
Paul Burton, Moderna erakundeko mediku zuzendaria itxaropentsu agertu da eta hauxe baieztatu dio The Guardian egunkariari: "Txertoa oso eraginkorra izango da eta milaka, ez bada milioika, bizitza salbatuko ditu. Minbiziarentzako txerto pertsonalizatuak eskaini ditzakegu tumore mota ezberdinentzat".
Hau posible egingo duen teknologiari Modernan "bizitzaren software berria" deitzen diote eta pertsonaren araberako minbiziaren aurkako txertoak sortzea ahalbidetuko du.
Txerto pertsonalizatu hauek sortzeko, lehendabizi medikuak pazientearen tumorearen biopsia burutzen du, ondoren laborategira bidaltzeko. Behin bertan, honen material genetikoa sekuentziatzen du presente ez dauden mutazioak identifikatzeko, zelula osasuntsuekin alderatuz.
Ondoren, ikaskuntza automatikoa burutzen duen algoritmo batek minbizia areagotzen duten mutazioak identifikatzen ditu eta antigenoak programatu. Azkenik, txerto pertsonalizatua fabrikatzen da.
Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera estimatzen da 2030. urterako 21,6 milioi pertsonei diagnostikatuko zaiela minbizia.