Maria Becerra musikariak haurdunaldi eptopikoa izan du, baina zer esan nahi du horrek?

Maria Becerra musikari argentinarrak haurdunaldi eptopikoa edo umetokitik kanpokoa izan du bigarren aldiz, eta ebakuntza egin behar izan diote Buenos Aireseko ospitale batean. Uterotik kanpoko haurdunaldiak barne-odoljarioa eragin zion, baina garaiz harrapatu zuten eta orain etxean dago artista, osatzen.
Becerrak sare sozialetan eskerrak eman dizkio bikotekideari, eta baita medikuei ere, bere bizitza salbatzeagatik eta zaintzagatik. "Orain atseden hartu nahi dut, negar egin, gorputza eta indarra errekuperatu, eta sendatu", adierazi du 25 urteko gazteak. Hain zuzen ere, eginkizun profesionalak bertan behera utzi ditu, atseden har dezan.
Haurdunaldi eptopikoetan ernaldutako obulua utero edo umetokitik kanpo kokatzen da, lekuz kanpo. Normalean Falopioren tronpetan gertatzen da, baina beste kokagune batzuetan ere izaten da, esaterako obarioetan edo umetoki-lepoan. Haurdunaldi eptopikoak ezin izaten dira behar bezala garatu. Ernaldutako obuluak ezin izaten du biziraun eta ehuna handitzeak odoljarioa eragin dezake; horrek emakumearen bizitza arriskuan jar dezake, tratatzen ez bada.
Haurdunaldi eptopikoen sintomak
Ohikoa omen da hasieran ezer ez sentitzea, baina haurdunaldi baten ohiko sintoma edo seinale goiztiarrak izan daitezke: hilekorik ez izatea, sentsibilitatea bularretan edota goragalea. Haurdunaldi proba eginez gero, emaitza positiboa izango da. Baina, aurrez aipatu bezala, haurdunaldiak ezin du behar bezala garatu eta ernaldutako obulua hazten den heinean, seinale edo sintomak nabarmenagoak izango dira. Sarritan, odoljarioa eta sabel azpiko edo pelbiseko mina izaten da. Horretaz gain, baliteke lunbagoko mina izatea edo ondestean presioa sentitzea.
Odola Falopioren tronpetara igarotzen bada, sorbaldako mina senti daiteke eta baita libratzeko premia handia ere. Sintomak odola pilatzen den tokiaren eta narritatutako nerbioen araberakoak izaten dira.
Obuluak Falopioren tronpan hazten jarraituz gero, tronpa haustea eragin dezake eta, horren ondorioz, odoljario handia sor daiteke sabelaldean. Orduan, muturreko nahasmendua eta zorabioak izan daitezke.