'Miñan' liburuaren irakurketa publikoa bihar Donapaleun
Duela bi urte egin bezala, Amikuzeko Zabalik elkarteak irakurketa publikoa antolatu du. Amikuzeko 100 gaztek Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua irakurriko dute bihar, goizeko bederatzietatik eguerdiko hamabietara, Donapaleuko zinema gelan.
Ibrahima Baldek Afrikatik Europara ezustean egindako ibilbidearen eta bizipenen berri kontatu zion ahoz Arzallusi, eta honek haren kontakera berezia euskarazko idatzira ekartzeko ahaleginetik sortu zen liburua. Balde Gineatik abiatu zen, desertua zeharkatu, mota askotako sufrimendua pairatu, eta Mediterraneoa gaindituta, Euskal Herrira ailegatu zen. Arzallus Irungo Harrera Sarean zebilen orduan eta hala ezagutu zuen bera.
Liburua hainbat hizkuntzatara itzultzen ari dira, eta gaztelaniazko bertsioa, Hermanito, kalean da jada. Ingelesez, katalanez, alemanieraz eta italieraz ere irakurri ahal izango da. Gainera, euskaldunok liburua entzuteko aukera ere badugu, Susa argitaletxeak audioliburua kaleratu baitu Amets Arzallusen ahotsean.
Migranteen inguruko hitzaldia
Gai berari lotuta, hitzaldia antolatu dute urriaren 22rako Donapaleuko herriko etxean. Amets Arzallus eta Etorkinekin sareko kide bat izango dira bertan, migranteen harreraren xehetasunak azaltzeko. Elkartasuna Amikuzen elkartekoek ere beren lanaren berri emango dute.

