'Miñan' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko dute Bilbon

'Miñan' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko dute Bilbon Ibrahima Balderen migrazio istorio gordina kontatzen du obrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/minan-liburuan-oinarritutako-antzezlana-estreinatuko-dute-bilbon/@@download/image/minan-2.jpg
2024/10/24
Ibrahima Balderen migrazio istorio gordina kontatzen du obrak.
'Miñan' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko dute Bilbon

Ibrahima Baldek ahoz kontatu eta Amets Arzallusek idatzitako Miñan liburuak, Balderen bizitzaren kronika egiten du, lehen pertsonan kontatua. Oihartzun handia izan zuen 2019an argitaratutako liburuak, hainbat hizkuntzatara itzuli zen, eta aita santuak ere gomendatu zuen. Orain antzerkira egokitu du Artedrama konpainiak. Luhuson egin zuten aurrestreinaldia joan den ostiralean, eta Bilboko Arriagan estreinatuko dute asteburuan.

Ibrahima Balde Ginean jaio zen, eta kamioi batean aritzen zen lanean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Egun batean, amaren deiak etxea uztera behartu zuen, ordea, anaia txikiaren bila Europara joateko. Basamortua zeharkatu zuen, eta polizia, bahitzaile, mugalari eta abarrekin gurutzatu zen zeharkaldian. Afrikatik Europarako ibilbidean minak, egarriak eta goseak sorturiko sufrimendua ezagutu zuen.

Timberlake Wertenbakerrek egin du moldaketa eta Ander Lipusek zuzendu du obra. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye dira antzezleak.

Gaur eguerdian eskolentzako emanaldia egingo dute, bihar 19:30ean egingo dute jendaurreko estreinaldia eta larunbatean, berriz, 19:00etan. Antzezlanak 90 minutuko iraupena du.