Miley Cyrusen Barbie panpina: rock estetika eta mikrofonoa eskuan
Mattel konpainiak Barbie Signature bildumako panpin berriaren berri eman du. Miley Cyrus musikaria izan da barbie panpina sortzeko inspirazio iturria.
Cyrusen Golden Burning Sun kantuaren bideoklipeko estetika hartu dute aintzat panpina diseinatzeko garaian. Larruzko praka, top eta jaka beltzak, zapata beltz takoidunak, eta mikrofonoa ditu soinean. Rock estetikaren kutsua du beraz.
Musikari estatubatuarrarekin eta bere lantaldearekin batera garatu dute panpina, eta artistaren ibilbideko garai jakin bat islatzea izan da asmoa, musikaren eta performance bisualaren estetikaren bilaketan non dabilen erakusteko.

Azkenaldian hainbat mugarri bizi izan ditu Cyrusek. Duela gutxi Hanna Montana telesailaren hogeigarren urteurrena ospatu zuten. Bera izan zen bertako protagonista 2006tik 2011ra bitarte. Bestetik, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan bere izarra jarri dute berriki.
Barbie panpin hau 76 euro inguruan eros daiteke. Bilduma honetako gainerakoak bezala, edizio mugatukoa da, eta bildumazaleak eskuratzeko irrikaz egongo dira.
Barbie Signature izeneko bilduman pop kulturako, musikako eta gaur egungo historian nabarmendutako pertsonen panpinak egin ohi dituzte. Aurrez Stevie Nicks musikaria, Ellen Ochoa astronauta eta Aaliyah abeslariarenak egin dituzte, eta baita David Bowie, Elton John, Elvis Presley, Gloria Estefan, Kylie Minogue eta Mariah Careyrenak ere.

