Miles Teller: Ekinez egina

Miles Teller: Ekinez egina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miles-teller-ekinez-egina/@@download/image/aktorea_1441278560.jpg
2015/09/10
erreportajea
Umetan kirol esatari izatea amesten zuen, baina koxkortzen joan ahala esatea baino gustukoago egitea zuela konturatu zen.


Hala, institutua amaitzerako, antzerki taldeko presidente zen eta The Mutes izeneko taldean bateria jotzen zuen. New Yorkeko Unibertsitatean Arte Ederrak ikastea erabaki zuen, eta unibertsitateak Lee Strasberg Antzerki eta Zinema Institutu entzutetsuan duen aktoreentzako programa izan zuen zeluloidezko mundura abiapuntu.

Hollywoodera ate nagusitik sartzeko ezin izan zuen amabitxi hoberik izan: Nicole Kidman. Rabbit Hole (John Cameron Mitchell, 2010) drama intimistarako sentimenduak begibistara azaleratu zitzakeen gaztea bilatzen zuen, eta kastinean Teller hasiberria azalgorrituta dardaratan ikusi zuzenean, argi izan zuen: "Benetakoa da". Ostean, azkenaldian ikusi den nerabe komedia erromantikorik errealenetakoan, The Spectacular Now (James Posnoldt, 2013) gomendagarrian, bikote ezin sinesgarriagoa osatu zuen Shailene Woodleyren alboan.

Nerabezaroan baketak astintzen igarotako orduak izango ziren, ordea, publiko zabalaren aurrean talentu jarioa erakustera eramango zutenak. Whiplash (Damien Chazelle, 2014) frenetikoan J. K. Simmons oscarizatuarekin partitura, izerdi eta odol artean izandako aurrez aurreko musikalak etorkizuneko izarren oholtzara igo zuen. Sentimenduetan oinarritutakoa, baina akzioa da azken finean Teller definitzen duena, eginarekin esandakoen indarra. Horren adibide, Woodley lagunarekin The Divergent Series filmetan egiten ari den lana, edota aretoetan dagoen Fantastic Four berrian superheroi laukotearen buru Reed Richards (Mr. Fantastic) bezala ikusgai dugula.

Egindakoa bezain interesgarria da, ordea, egiteke duena. Alde batetik, munduko txapeldun izan zen Vinny Pazienza boxeolariaren azalean ikusiko dugu Bleed for This biopic-ean. Eta, bestetik, Afganistanen armak saltzen aberastu ziren bi gazteren istorioa ekarriko digu Jonah Hillekin batera, Arms and the Dudes komedian. Eta umetan baliatu ez zuen desioa egun duen ametsa betetzeko eskatzen badu? Orduan, rock’n’rollaren errege Elvis Presley gorpuztuko du.

Miles Teller


IZENA: Miles Alexander Teller.
JAIOTEGUNA: 1987-02-20.
JAIOLEKUA: Pennsylvania (AEB).
LAGUNIK ONENA: Shailene Woodley aktorea.
FILM MAITEENA: Big (Penny Marshall, 1988).
AKTORE GUSTUKOENA: Harrison Ford.
MAITE DU: Jazza.
GORROTO DITU: Bere atzamarrak.