Milaka hiri neurean
Gaztea eta urbanoa. Artea eta moda. Parte-hartzailea. Azken sasoian puntakoa. Bikaina. Sormenaren ateak zabaldu ditu beste behin Jet Lag Bio-Bilbao Urban Expressions proiektuak.
Zerrendatu ezinak dira gazteei bideratutako ekintzak, eta gazteek eurek oraingoan Bizkaiko hiriburuan garatutakoak.
Teknologia berriek bere lekua izan ohi dute, eta aurten ere ez da gutxiago izan. Tailer edo ekintza asko egin dituzte.
Denbora errealean argien kontrolerako egun dauden tekniketan lehen urratsak egiteko laborategia; denbora errealean eraikin baten fatxadan pintatzea; WIFI puntuak non dauden jakiteko, horiek biltzeko eta horiei buruzko informazioa ematea errazteko kudeaketa puntuala edo Bilbao Wiffi mapping.
Gazteen ohituretan oinarrituta lonjak ere izan dira hizpide. Tailer baten Bilboko lonja batean egoten diren baliabideak eta giroa erakutsi dituzte Lonjaus izenburupean. Baina graffitiak, body percussiona, kaleko dantzak eta zirku soziala ere egin dituzte. Edo birziklapena, moda, estilismoa, erakusketak, proiekzioak, master class eta gastronomia dastatzeak. Gazteriaren parte-hartzeaz gain, nabaria izan da hiriak irabazitako bizitasuna.
Jet Lag Biok urte guztian sustatzen ditu hirietako gazteen adierazpideak eta horren inguruko jarduerak; eta urriko jaialdia izaten da horren guztiaren amaiera.
Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak kudeatzen eta antolatzen du, baina Bilboko gazteek, taldeek, elkarteek eta abarrek egiten dute.
Gainera, munduko beste hiri batzuei ere parte-hartzeko gonbidapena egiten die; hiri bakoitzeko adierazpideak trukatzeko eta bizitzeko, hiria bera erakusketa eta esperimentazio-espazioa izanik. Hirietako gazteen adierazpideak dira beste behin aintzat hartu direnak. Eta bai, gazteek erakutsi dute badirela gai, gogotsu datozela, ekintzaile eta sortzaile direla. Kulturak eta sormenak garapena dauka, eta oraingoan indartsu gainera. Hamar mila bat gaztek hartu du parte. Gehienak hamasei eta hogeita hamar urte artekoak.
Gazteak etorkizuna direla, garela esaten da sarritan. Ez gara bada, oraina? Gainera gazteok ez gara etorkizun hutsa, gaur egungo gizartearen eragile aktibo ere bagara. Gazte izateko eskubidea dugu, bizi dugun gatazka-testuingurua gorabehera, eta berba egiteko, jarduteko, parte-hartzeko eta gu geu izateko eskubidea dugu. Baina ez bedi izan aldarrikapen hutsa.
Jet Lag Bio adibide bat baino ez da, guk geuk egunerokoan eraiki genezakeenaren txatal txikia.