Mila metrora zeuden arrainen barruan (ere) mikroplastikoak aurkitu dituzte

Ikerketa Science of the Total Enviroment aldizkarian argitaratu da eta usterik ezkorrenak baieztatu dira: 1.000 metrora bizi diren arrainetan ere mikroplastikoak agertu dira.
Ikerketa honen helburua ur sakonetan bizi diren bi arrain espezieren sabeleko edukia aztertzea zen, mikroplastikoen bila. Hauek dira aztertu diren espeziak: Alepocephalus bairdii eta Coryphaenoides rupestris. Bi arrain hauek merkataritza interesekoak dira eta ohikoa da hauek arrantzatzea.
Zehazki, 50 indibiduo aztertu ziren eta behatu zen lau arrainetatik batek mikroplastikoak zituela sabelean. Honek erakusten du ozeanoetako egoera uste zena baino larriagoa dela eta ur sakonetaraino ere iritsi dela plastiko madarikatua. Oraindik ikusteko dago plastiko hauek animaliengan eta gure osasunean izango duten eragina, baina ez dirudi onuragarria izango denik inorentzat.