Mikroplastikoak biberoietan

Mikroplastikoak biberoietan Nature Food aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, biberoiez elikatutako haurrek milioika partikula irensten dituzten egunean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikroplastikoak-biberoietan/@@download/image/biberon-peque.jpg
2020/10/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Nature Food aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, biberoiez elikatutako haurrek milioika partikula irensten dituzten egunean.
Mikroplastikoak biberoietan

Mikroplastikoen aurkako borroka uste baino konplexuagoa da, geroz eta produktu gehiagotan aurkitzen direlako. Osasunaren Mundu Erakundaren arabera, helduok 300 eta 600 mikroplastiko bitarte irensten ditugu egunean; ez da gutxi. Baina Nature Foods aldizkarian argitaratutako ikerketa batek oraindik ere datu kezkagarriagoak kaleratu berri ditu; biberoia hartzen duten haurrek milioika mikroplastiko irensten dituzte egunero.

Ikerketa Trinity College Dublin-en egin dute, eta polipropilenozko biberoiak aztertu dituzte; ondorioztatu dutenez, biberoiak esterilizatzeko erabiltzen diren tenperatura altuek eta ondoren formulako esnea prestatzeko prozesuak milioika mikroplastiko eta bilioika nanoplastiko askatzen ditu. Ikerketan jaso dutenez, biberoiak esterilizatzeko prozesua urgentziaz errebisatu beharko litzateke.

Hain zuzen, polipropilenoa gehien erabiltzen den plastikoetako bat da; munduko plastikoen %82 material horrekin egiten dira. John Boland irakaslea eta ikerketaren egileetako baten esanetan, aurkikuntza kezkagarri honen ondorioak ikertzen hasi behar dira denborarik galdu gabe: "Erabat harrituta gaude biberoiek askatzen dituzten mikroplastiko kopuruarekin; haurren osasunean izan ditzaketen ondorioak ikertzen hasi gara berehala, beren sistema immunologikoan eragin ditzaketen kalteak argitzeko".

Bolanden esanetan, mikroplastiko gehienak kanporatu egiten ditu gorputzak, baina horietako batzuk odolean sartu daitezke, eta kalteren bat eragin. Eta bitartean, biberoiak erabiltzeari utzi behar ote diote gurasoek? OME-k dioenez, onena lehen 6 hilabeteetan bularra ematea da. Ezin bada edo nahi ez bada, biberoia plastikozkoa ez den ontzi batean esterilizatzea gomendatzen da; lehenik ura irakiten utzi, eta tenperatura ingurukoaren berdina denean, biberoia sartu eta bertan irabiatu. Formula esnea ere plastikozkoa ez den ontzian prestatzea gomendatzen dute, eta epel dagoenean sartu biberoian. Aldiz, ez dute biberoia mikrouhinean berotzea gomendatzen.