Mikel Urdangarin: “Oso inpultsiboa naiz”

Mikel Urdangarin: “Oso inpultsiboa naiz” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-urdangarin-oso-inpultsiboa-naiz/@@download/image/25p26-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Irazu
Gelditu gabe dabil Mikel Urdangarin. "Bar Puerto" proiektu aberasgarriaren ondoren, "Heldu artean" izeneko bakarkako laugarren lana plazaratu du, esperientzia pertsonalez eta barne sentimenduez gainezka datorren diskoa. 

"Heldu artean" izena du zure azken diskoak. Heldutasunera iritsi al da Mikel Urdangarin?
Egoera bat da "heldu artean" hori, bizitzaren aurrean norberak eduki dezakeen egoera bat. Jarrera asko har daitezke bizitzan: horietako bat gauzak itxaron eta ikustea da, arriskurik hartu gabe. Beste jarrera bat da gauzak egin eta mugitzea, bizitza datorren bezala onartu eta gozatzea. Nik bigarrengoaren alde egiten dut apustu, jakinik bizitza onartzea ez dela atsegina bakarrik; izan ere, lote berean kolore askotako sentimenduak eta esperientziak etortzen dira, eta horiek onartzean datza zoriontsu izateko giltza.
Disko honetan zuk egin dituzu abestien hitz gehienak, zergatik?
Aurreko diskoetan beti izan ditut kolaboratzaileak hitzak egiteko, baina oraingoan idazteko beharra nuen. Azken urteetan pasatutako gertakizunez elikatu naiz, eta gauza garrantzitsu eta hurbilekoez hitz egin behar nuenez, neronek egitea zen onena.
Kantu gehienetan, entzulea solaskidetzat hartu eta norbaitekin berbetan ari zarela ematen du. Zein da solaskide hori?
Zenbaitetan neroni naiz, beste batzuetan lagunak… oro har, elkarrizketa tonua dago diskoan. Finean, lagunarteko hizkuntza sinesgarrian idatzi nahi nuen: hizkera zuzena bilatu dut, kalekoa, egunerokoa, nirea. Baina modu horretan poesia ere bilatu dut.
Hitzak idazteko beharra izan duzula esan diguzu. Eta musika konposatzerako zer? Zein unetan zaude?
Sei urte daramatzat honetan, eta bost disko kaleratu ditut. Batzuentzat asko da hori, eta ni, berriz, ez naiz konturatu ere egin. Ni hanka bat trenean eta beste bat estazioan sentitzen naiz, eta egindako bidean senari jarraitu diodala ikusten dut. Nirea oso bide inpultsiboa izan da. Diskoak unearen islada izatea atsegin dut, norbere garaiarekin lotura izatea.
Inpultsiboa ez ezik, ezkutukoa izan zen musikarekin izan zenuen lehen harremana…
Ezkutuan hasi nintzen, egia da. Inori ezer esan gabe, hiru hilabetez herriko lagun batekin aritu nintzen gitarra ikasten. Familian bazekiten, baina ez ninduten oso serio hartzen. Ikasten hasi eta berehala konposatzen hasi nintzen, eta handik urte t´erdira edo diskoa grabatu nuen. Egun batean, lagunak musean ari zirela, diskoa mahai gainera bota eta esan nien: "1.500 pezeta, erosiko al didazue?". Lagunak ezin sinestuta geratu ziren, ni garai hartan bertsotan eta rugbyan ari nintzelako… kantuak irratian entzun eta kontzertuetan ikusterakoan, sinesten hasi ziren. Bitxia izan zen.
Euskaraz gain, zabalik zaude beste hizkuntzetan abestera. Disko honetan, esaterako, katalanez ari zara kantu batean. Zer etorriko da hemendik aurrera?
Katalanez kantatu dut, asko estimatzen dudan kultura eta hizkuntza bati keinua eginez. Baina keinu hori barrutik eginda dago: nik hizkuntza hori kantatzen hasi aurretik ikasi bainuen. Beste edozein hizkuntzakin ere, nahi nuke lehendabizi hizkuntza mamitu eta ikasi, eta ondoren hitzak neronek idatzi. Bide hori oso polita da. Hala ere, argi dut zuhaitzaren enborra euskara izango dela, baina tarteka adarrak sor litezke hortik, zentzuzko adarrak.
Zure kontzertuetara jende asko joaten da, denbora gutxian asko lortu duzu.
Zorte handia izan dut. Hiruzpalau urte daramatzat kontzertu asko emanez eta izugarri harrera onaz. Ia beti jende andana etortzen da, eta oso zorioneko sentiarazte nau horrek. Badakit gogorra dela antzoki huts batean aritzea, artistak komunikatu egin nahi baitu, eta horretarako interlokutore bat behar du. Pribilegiatua sentitzen naiz.

“Bertsolari sena dut”



Musikan hasi aurretik bertso munduan aritu zinen. Zein oroitzapen duzu bertsolari garai hartaz?
Oso oroitzapen politak dira. Bertsolaritzan txaloak asko eskertzen dituzu, baina era berean, isiltasunak hilgarri suertatzen zaizkizu. Oso disziplina bizia da; izan ere, bertsoa, bertsolaria eta entzulearen artean oso harreman bortitza sortzen da, onerako eta txarrerako. Bertsolari sena barruan daramadala uste dut, eta oraindino gai naiz lagunartean bertsotan egiteko.
Nork irabaziko du Bizkaiko txapelketa?
Igor Elortza eta Unai Iturriaga gertu ibiliko dira, baita Aritz Lopategi ere. Igor burutik oso sendo ikusten dut, eta txapelketan oso garrantzitsua da hori. Iturriagak ere txapelketa ederra egin dezake. Bestalde, urrun ibiliko ez den beste talde bat dago: Harkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Oihane Enbeita…

“Lagunekin parrandan ibiltzea ezinbestekoa da”



"Oihana" kantuan zera diozu: "Oihana, pisukide maitia/gaur be egin didazu jana? Zugaz ez dut faltan botatzen ama". Estudiante-tunante garaiko oroitzapena al da hori?
Duela urtebete eskas bizitako esperientzia da: nik dakidan pertsona bat eta nire arteko keinua da. Klabean egindako kantu bat da, gu bion artekoa. Hala ere, Gasteizen gertatzen da hitz hori, pisu konpartitu batean, batzuk ikasleak dira, beste batzuk langileak… Badu zuk esandako kutsu hori, estudiante-tunante garaiko oroitzapena izan zitekeen.
"Azkenaldi hontan/kuadrilan gauzak aldatu dira/jadanik alkoholik ez dabil gure zainetatik… urzaleak gara, ura besterik ez dogu edaten". Horixe diozu "Bolare" kantuan. Zer dela eta urzaletasun hori?
Zenbat koadriletan ez den gertatzen hori! Horrelako hausnarketak parranden ondorengo ajeekin egiten dira, beroan: "Parranda egiteari utzi behar diot", eta horrelakoak. Baina gero teoria horiek denbora motzekoak izaten dira, eta jendea lehengora bueltatzen da sarri. Ikusi dut parranda egiteari utzi dion lagunen bat, kirola egiten hasi eta erabat sano, baina erabat zoriontsu ez dena. Lagunekin parrandan ateratzea ezinbestekoa da gaur egun zoriontsu izateko.
"Hegaz" abestian, berriz, galdera hau egiten duzu: "Maitatu duzu sekula filmeetan maitatzen den bezala?". Zure kasuan, nola erantzungo zenioke itaun horri?
Kontua da gizakiok nola maitatzen dugun gaur egun. Zinema munduak, filmeek, nolabait egin eta moldatu egiten gaituztela iruditzen zait. Film batean bi pertsona nola maitemintzen diren ikusita, norberari ere horrela maitemintzeko gogoa jartzen zaio. Printze urdinaren betiko kontua da, finean. Baina adin batetik aurrera, jende askok begiak itxi egiten ditu, eta esperientzia txar batengatik, maitemintzeari atea ixten dio. Trauma horiek oso bidegabeak iruditzen zaizkit. Nik uste dut jolastu egin behar dela, eta onartu behar dela maitemintzea ez dela gozatzea bakarrik. Gazia eta gozoa onartu behar dituzu.