Mikel Urdangarin: denbora, ispiluan itsatsita

Mikel Urdangarin: denbora, ispiluan itsatsita https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-urdangarin-denbora-ispiluan-itsatsita/@@download/image/3p9-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Mikel Urdangarinek "Espilue" izeneko hirugarren diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak disketxearekin. Luxuzko kolaborazioekin jantzia dator zornotzarraren azken lana.

Definitu ezazu "Espilue" diskoa.
Lan hau aurrekoaren bide beretik doa, baina paisaia aldatu egin da. Lehen entzunaldian jendea ohartuko da horretaz. Nire lehen diskoa oso zurruna zen, baina suharra era berean. Bigarrena, berriz, produkzioz jantziagoa zen. Hirugarren hau, azkenik, nire lanik kontzienteena izan da.
Oso gustura geratu naiz emaitzarekin. Diskoa egiten hasi aurretik nire helburua grabazioan gustura aritzea zen, gozatzea. Bigarren diskoaren grabazioa oso gogorra izan zen, eta arantza kendu nahi nuen nolabait. "Espilue"ren produkzioa oso aberatsa da, baditu ñabardura gordinak eta baita une jantziagoak ere. Elementu berri asko dago kantu batetik bestera.
Bigen Mendizabal, Pello Ramirez, Jonathan Bews, Josu Zabala… puntako musikariak bildu dituzu zure inguruan. Ez duzu kexatzerik, Mikel.
Zorionekoa naiz, batez ere guzti horiek, laguntzaileak baino, adiskide handiak ditudalako. Esaterako, Jonathan Bews biolinjolea Eskozian bizi nintzenean ezagutu nuen. Pello Ramirez-ekin ere beste hainbeste gertatzen da, adiskidetasuna da harekin  lotzen nauen lehen gauza, gainontzeko guztiak ahaztu gabe, noski.
Garai batean talde txiki batekin aritzen zinen zuzenean. Egun, berriz, tropel handi samarra zarete.
Ez naiz sekula bakarrik aritu izan, beti izan dut musikarien laguntza. Uste dut bilaketa prozesu baten ondorio dela, eta asmatu egin dudala. Guztiok musika ulertzeko antzeko modua dugu, elkarrengandik oso hurbil gaude. Beharbada disko honetan nik gidatu dut untzia, baina oso mariñel finak izan ditut inguruan.
Zergatik "Espilue" izenburua?
Kontzeptu bat dago horren azpian, kantu batzuetan egiten dudan gogoeta moduko bat: "hona iritsi naiz, hondoa jo dut, aurrera jo eta berriro hasi behar dut, baina eten nahin dudan momentu horretatik abiatuta". Denbora gelditu, eta ispiluan etenda itsatsita geratu den une hori da "Espilue".
Anari, Petti, Txema Murugarren, zu zeu… euskal kantagintza osasuntsu dagoela dirudi.
Bai, hala da. Non aukeratu egotea oso gauza ona da beti. Herri honetan beti egon dira kantariak, beste gauza bat da horiek denak bolada berean batera agertzea.  Zuk aipatu dituzun horiek guztiak oso atsegin ditut; kalitate handikoak dira gainera.