Mikel Uralderen 'Hormak' film laburrak irabazi du Huhezinema jaialdiaren sari nagusia
Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko laugarren mailako ikasleek antolatzen duten Huhezinema euskal film laburren jaialdiraren hamabosgarren edizioa martxoaren 30etik apirilaren 1era egin dute. Musika izan dute ardatz edizio honetan, eta bideoklip eta film laburren proiekzioez gain, soinu banden sorkuntzaz, karakterizazioaz eta etorkizunaz ikasi dute hitzaldi topaketa eta tailerretan.
Hogeita hamaika lanek hartu dute parte guztira jaialdian eta ostiralean egin zuten sari banaketan jakinarazi ziren sarituen izenak. Sail Ofizialean hamar film labur izan dira lehian eta honako hauek jaso dute saria: Huhezinema Saria Mikel Uralde Arrueren Hormak lanarentzat; Vertigo Saria Julen Higueraren Albondigas-entzat; Ikusleen Saria Aitor Gametxoren Berak baleki filmarentzat; Soinu Onenaren Saria Aitor Oñederraren Ur azpian lore lanarentzat; eta Mundukide Saria Raquel Calvo Larralderen Yungay 7020 filmarentzat.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen atalari dagokionez, hauek izan dira sarituak: Fikzio Onenaren Saria, Soinu Onenaren Saria eta Ikusleen Saria, Asko falta da?; Argazki Onena, Hurrengo geltokia; eta K-Saria, Ama?.
Bideoklip onenen kategorian, berriz, hauek izan dira lehen hiru sarituak, hurrenez hurren: Liher taldearen Teloia (Nitya Lopez), Alai eta Pablo Reverteren Ozen (Alai Ormazabal de Urresti), eta Jhonny Grasoren Espada y Rosa (Marino Pardo Fuente).

