Mikel Peruarena: letrak konbinatzen dakien tipografoa

Testua eta argazkiak: Gari Berasaluze
Mikel Peruarena Ansa idazle eta kazetaria Ereñotzun jaio zen 1978an. Kazetaritza ikasketei ekin zien, baina amaitu gabe utzi zituen: "Egun, karrerarik edo titulurik gabe ezer ez garen garaiotan, gustatzen zaidak frakasatu eskolar bat naizela esatea, probokazio ttiki hori egitea, alegia, ikasketak ez bukatu izanaz harro nagoela esatea" dio, Google bilatzailean Mikel Peruarena idatzi eta ageri den lehen orrialdean. Gerora, berriz, aplikazio informatikoen garapenerako teknikari ikasketak egin izan ditu.
Dena dela, kazetaritzan aritu da batez ere lanean. Herri Irratian, esaterako, Euskal Idazle Elkartearen Testuketan irratsaioa egin zuen astean behin, Xabier Gantzarainekin batera. Gaur egun, Berria egunkariko kazetaria da.
Literaturan, Urruzuno (1995) eta Irun Hiria (2006) sariak eskuratu ditu. Irun Hiria olerki saria jaso zuen, zehazki, Edan ase arte lanarekin, eta poema horiek onarri hartuta osatu zuen izen bereko proiektua Txus Aranbururekin batera, poesia eta musika uztartuz: "Ahots bat eta akordeoi bat, bandoneoi bat eta ahots bat, bi lagun".
Aurten, Ez obeditu inori nobela aurkeztu du apirilean. Irakurlea harritzen eta kateatzen duen estilo landu eta bizia lortu du orrialdeetan barrena, eta narrazioaren denborarekin eta egiturarekin ere etengabe jolasean aritu da, ahaleginean hutsik egin gabe. Harian, Kubako gerran maingu geratutako eta inori obeditzen ez dion Sotero Mujika bertsolaria, tipografo lanetan aritzen den poeta okzitaniarra eta estudiante bizargabe bat bildu ditu taberna zuloko solasaldietara, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hastapeneko Donostialdean.
Historiaren zalea dela aitortu du egileak elkarrizketaren batean: "Sarri irakurtzen ditut garai bateko testuak, idazle klasikoak, egunkari zaharrak". Eta "literaturan hain presente egon ez diren garai eta leku batzuk" agertu nahi izan ditu lehen nobela honetan. Ederki asmatu du behintzat. Letrak behar bezala konbinatzen dakien tipografoak bezala.
Bibliografia
Eguraldiaz hizketan (Elkar, 2003).
Edan ase arte (Kutxa, 2006).
Ez obeditu inori (Susa, 2009).