Mikel Otxotekok parte hartuko du 2023ko Artea Abian programan
Mikel Otxoteko Olazabal izango da aurten Artea abian proiektuan parte hartuko duen artista. Donostiarrak Hemen herensugeak daude erakusketa aurkeztuko du irailean San Telmo museoko laborategian. Bertan, 1970eko hamarkadan Margarita Olazabalek, artistaren amak, Ternuako eskualde subpolarrean super-8an egindako grabazioak bilduko dira. Erakusketa osatzen duten lanek euskal enpresek iparraldeko uretan eta lurraldeetan, eta zeharka Karibean, izandako eragin eta ondorien berri ematen dute. Otxotekok 2019an hasitako ikerketa artistiko baten emaitza da erakusketa, eta Manuel Valdes Pizzini Puerto Ricoko Unibertsitateko antropologoaren kolaborazioa izan du.
Hemen herensugeak daude proiekturako ekoizpen artistikoko egonaldiak egin ditu Saint-Pierre et Miquelon eta Puerto Rico uharteetan. Erakusketak Sain-Pierre et Miquelon artxipelagoko kultura, identitate, eta ingurumen errealitate "hauskor eta ezegonkorrari" erreparatuko diola jakinarazi dute. Honako galdera hau planteatzen da: "Zeintzuk dira gaur egun uharte horietako biztanleek aurre egiten dieten benetako mehatxu edo munstroak? Karibeko irlekin duen lotura ere agerian geratzen da; izan ere, historian zehar, bertako uretan harrapatutako bakailaoaren zati handi batek azukre-kanaberaren landaketetako esklaboak eta langile libreak elikatzeko balio zuen".

Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen Audiovisual Arts and Neo-materialism doktore-tesiarekin. Dance & Drill edo Algunos cabos sueltos ikerketa proiektu artistikoak garatu du, eta proiekzio eta erakusketak egin ditu Toulouseko Musée d’Art Contemporain Les Abattoirs, Valentziako Centre del Carme Cultura Contemporanea eta Londresko The Rag Factory-n. Bere azken film dokumentala, Invierno (2019), Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouse-ko zinemaldietan ikusi ahal izan da.
