Mikel Kazalis: “"Sistemaren aurrean, disidentzia aldarrikatzen dugu”"

Mikel Kazalis: “"Sistemaren aurrean, disidentzia aldarrikatzen dugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-kazalis-quotsistemaren-aurrean--disidentzia-aldarrikatzen-duguquot/@@download/image/20116294467matx_1361317094.jpg
2011/07/01
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez
Aurreneko diskoa aurkeztu dute baina ez dira, inondik inora, hasi berriak. Matxura du izena Mikel Kazalis, Aitor Abio, Fernando Apoa eta Txarly Diaz batu dituen proiektuak. Bi urteko laborategi lanaren ostean, "hemen da makinariaren funtzionamendua etengo duen matxura". Diskoa ateratzear zenean hitz egin genuen Kazalisekin.

Zure ibilbidean, dagoeneko, askotan izan zara oraingo egoera berberean, disko aurkezpen baten atarian. Zer sentitzen duzu?
Urduri egoten naiz, oraingoz ez dut lortu urduritasun hori ezabatzea. Gainera oraingo hau nahiko prozesu luzea izan da, eta bi urteko laboratorio lana forma hartuta ikusteak presio moduko bat sortzen dit; baina ona.

Eta, taldean, ze giro arnasten duzue?

Egia esan, orain hasi beharko dugu taldea egiten. Bi urte hauetakoa estudioko lana izan da lokal lana baino gehiago, normalean egiten den ibilbidearen alderantzizkoa egin dugu guk. Orain ikusi beharko!

Musika industria bere onenean ez dagoen honetan, ze harrera espero duzue ikusleen aldetik?

Gure kasua are zailagoa da badakigulako  egiten dugun musika ez dela batere erraza. Baina, hala ere, oso baikorrak gara; ez salmenten aurrean, baizik eta nahi izan duguna egin dugulako. Orduan, hortik aurrera... etorri behar duena etorriko da.

Bi urte daramatzazue hau prestatzen: taldea osatzen, abestiak konposatzen… Baina, noiz, non eta nori bururatu zitzaion Matxura?

Nik baneuzkan aspalditik abesti batzuk eginda, 40 bat bozeto estilo beretsukoak. Forma eman nahian hasi nintzen eta banan-bana kideekin geratu nintzen estudioan probak egiteko: egun batean Abiorekin gitarrak probatzeko, beste batean Txarlyrekin sintetizadoreak sartzeko, Fernandorekin ahotsak... Hortaz, hasierako ideia nirea zen, baina beraiek lagundu didate forma ematen.

Zergatik beraiek?

Hiruak ezagutzen nituen. Txarlyrekin Anestesian ibilitakoa naiz, Fernandorekin Kuraian, eta Abio kontzertuetatik eta estudioren batetik ezagutzen nuen. Luxu hutsa izan da beraiei esker nire abestiak aurrera atera ahal izatea. Kalitate handiko musikariak dira eta oso jende jatorra.

Izaera eta karisma handiko kideak batu zarete. Ze ondorio izan du horrek musika konposatzerakoan?

Onartu behar dut nire terrenora ekarri ditudala. Abesti hauek agian ez dira beraiek egingo lituzketenak, baina banekien ulertuko zituztela eta konplizidadea sortuko zela, eta horrela izan da. Primerako kolaborazioak izan ditugu gainera: Oreka TX, Ander Lipus, Ibon Anestesia, Joseba Ponce...

Zuzenekoetarako ere izugarrizko koktel esplosiboa eratu duzue.

Bai, hori da asmoa. Hauek ere, banan-bana, badakite eszenarioan indarra transmititzen eta irrikan nago bigarren fase hau, lokal eta kontzertu fasea, nola doan ikusteko; ea zer eman dezakegun denok batera taulatu gainean.  

Makinariaren funtzionamendua etengo duen matxura zaretela dio zuen promozio orriak. Ze makinariaz ari zarete?

Diskoak kutsu misantropoa du, gizakiari eginiko kritika zorrotza da, eta askatasunari ere egin diogu erreferentzia. Sistema honek denak bere erara funtziona dezan nahi du, baina guk disidente izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, hori da matxura. Desobedientzia, askatasuna, eskemetatik ihes egitea.

Euskaraz.

Bai, hori argi izan dugu hasieratik. Gainera, oso interesgarria iruditzen zait euskarazko musikaren panoraman estilo ezberdinak izatea eta, zentzu horretan, guk gure ekarpena, ezberdina, egiten dugu.

Musikari dagokionez, zer bilatzen zenuen edo zenuten, eta zer atera zaizue?

Beti izaten da aldea, normala denez, baina ez gara gehiegi urrundu ideia originaletik: rock industriala. Kideen ekarpenekin, desbideratzea onerako izan da gainera. Askotan Abioren teklatuak edo Fernandoren abesteko moduak harritu naute, baina harridura positiboa izan da.

Talde baten baino gehiagoren eragina aipatu duzue. Ministry, Godflesh, Nailbomb… Eragin hauek benetan antzeman daitezke edo, besterik gabe, musika talde orori eraginak eskatzen zaizkiolako aipatzen dira?

Erreferentziaren bat emateko modua da. Bestela, auskalo zer espero zezakeen jendeak... agian Kuraiaren bigarren parte bat edo Anestesiaren jarraipen bat... eta ez da ez bata ez bestea. Estilo aldetik, gure parametro bertsuetan mugitzen diren taldeak dira: rock indartsua elementu elektronikoekin. Horregatik aipatu ditugu.

Hortaz, Kuraia edo Anestesiaren arrastorik ez?

Arrastoa bai, baina ez jarraipen zuzena. Nire gitarra jotzeko modua ez dago disimulatzerik, eta Fernando abesten entzuteak gogorarazten du Kuraia, baina hau beste zerbait da.

Non eta noiz izango dugu Matxura zuzenean ikusteko aukera?

Udan ez dugu joko Fernando Estricallarekin dabilelako topera. Guk lokalean lanean jarraituko dugu, eta udazkenean hasiko gara kontzertuekin.