Mikel Eguiluz: "Diskoak etorkizunari begiratzen dio"

Mikel Eguiluz: "Diskoak etorkizunari begiratzen dio" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-eguiluz-quotdiskoak-etorkizunari-begiratzen-dioquot/@@download/image/65p11-1_1365515132.jpg
2006/07/07
elkarrizketa
Mikel Eguiluz: "Diskoak etorkizunari begiratzen dio"
23 urte ditu Mikel Eguiluz gasteiztarrak. Ausart-ausart ekin dio Mikelek "Garai hobeak" izeneko bere lehen diskoa grabatzeari. Orain, ametsa egia bihurtu zaio: autoekoitzitako lan hau kalean dago jada. 

Zer izan da zuretzat lehen disko hau plazaratzea?
Azken urteetan egin dudan lan guztiaren ordaina eta fruitua da. 17 urterekin abestiak konposatzen hasi nintzenetik, ez dut inoiz helburu gisa jarri disko bat grabatzea. Egunen batean, jendearen aurrean nire abestiak aurkeztu ahal izatea zen nire ametsa, eta laster lortu nuen. Orain, diskoa kalean dagoela ikusteak, izugarrizko poza ematen dit. Amets zoragarria da, ilusioarekin eta gogoarekin lortu dudana. Gainera, diskoan zazpi musikari bikainen laguntza izan dut, hainbat instrumentu sartzeko eta koroak egiteko. Grabazio estudio batean egindako lehen lana izateko, pozik nago emaitzarekin.

Autoekoitzitako diskoa da "Garai hobeak". Zein abantaila ditu horrek?

Salmenta-prezioa da abantaila nagusia. Diskoa egiterakoan gauza bat argi nuen: lan ona egin nahi nuen, baina erosteko orduan jendearentzat garestia ez izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Diskoetxe batean, agian ez nuen hori lortzerik izango, eta horregatik erabaki nuen diskoa nire kasa ekoiztea.

Bizi dituzun hauek dira "Garai hobeak", edo hobeagoen zain zaude?

Oso momentu onak izan ditut nire bizitzan, baina  iazko irailean, momentu triste bat izan nuen; ilusioz sortutako amets txundigarriena, egiazaletasun faltaren eraginez izoztu zelako. Abestiak idazteak eta disko batean pentsatzeak, irribarrea berreskuratzen lagunduko ninduela pentsatu nuen. "Garai hobeak"-ek etorkizunari begiratzen dio. Ez dira garai txarrak izan, baina ziur naiz, etorkizun hurbilean hobeak etorriko direla.

Gazteei axola zaizkigun gaiak jorratu dituzu: herriko jaien inguruan idatzi duzu, Euskal Herrian ligatzeaz, eta bereziki Hondarribiko Jokinen kasuaz. Zergatik azkeneko hori?

Hondarribia oso gustuko dut, eta zoritxarreko gertaera horren berri izan nuenean, zer pentsatua eman zidan. Askotan, isilik geratzeak ez du asko laguntzen; horregatik erabaki nuen gai hau ukitzea, barruan izan nezakeen amorrua askatzeko. Tristea da, hain gaztea izanik, modu horretan bizitza galdu beharra.

Irakeko gerrari ere abestu diozu.

Bai, beti saiatzen naiz nire pentsamendu eta sentimenak abestietan islatzen. Batzutan gai alaiak jorratzen dituzu, eta bestetan gai serioagoak. Iraken gertatu zena lazgarria izan zen, milaka zibil hil ziren inoiz gertatu behar ez zuen gerra horretan.

GAZTETXULOko irakurleek non eros dezakete zure diskoa?

Momentuz, Gasteizen —Elkar Megadendan (San Prudentzio, 7) eta Botxo Tabernan (Kutxilleria, 23)—, eta Murgian —Loar Tabernan— eros daiteke. Laster, Bilbon, Donostian, Iruñean eta beste hainbat lekutan jendeak eskuratzeko aukera izan dezan saiatuko naiz.

Kontaktua: mikeguiluz@hotmail.com