'Mihiluze' saioaren azken proba zuzenean jokatu ahal izango da etxetik, aplikazio bidez

Gaurtik aurrera, Mihiluze saioko lehiakideak Bai edo bai izeneko azken proba jokatzen ari diren unean, proba bera jokatu ahal izango da etxetik, aplikazioaren bidez. Aplikazioko jokoa saioarekin batera aktibatuko den arren, saioa ikusi gabe ere jokatu ahal izango da.
Bai edo bai du izena zakua eramateko aukera ematen duen azken probak. Atal honetan bi galdera erantzun behar izaten dira: Hamaikakoa eta Urrezko galdera. Hamaikakoan, hamaika kontzeptu azaltzen dira eta, galderari erantzunez, 'Ez' edo 'Bai' zutabean kokatu behar dira kontzeptuak. Urrezko galderan, berriz, beste galdera bati erantzunez, hamaika kontzeptuetatik bi erantzun zuzenak hautatu behar dira. Bi galderak ondo erantzunez gero, zakua irabazten dute lehiakideek.
Azken proba jokatzeko unean, jokoa hastear dela adierazten duen mezua jasoko dute etxeko jokalariek, eta aplikazioan erantzun zuzen gehien dituenak eta denbora gutxien erabiltzen duenak jasoko du puntu gehien. Egunero ikusiko da zein den eguneko irabazlea, aplikazioan zein telebistan, baina saria astelehenetik ostegunera bitartean puntu gehien lortu duen jokalariak bakarrik jasoko du. Hainbat produktuz osatutako opari-sorta izango da: Mihiluzeko Motxila, botila, bozgorailua, poltsa eta abar.