Miguel Trilloren 'Hiriko joko bat' erakusketa zabaldu dute Gasteizen

Miguel Trilloren 'Hiriko joko bat' erakusketa zabaldu dute Gasteizen Argazkietan gazteak, hiri-tribuak, irudikatzen ditu musika ingurunean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miguel-trilloren-hiriko-joko-bat-erakusketa-zabaldu-dute-gasteizen/@@download/image/2 (2).jpg
2022/10/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkietan gazteak, hiri-tribuak, irudikatzen ditu musika ingurunean.
Miguel Trilloren 'Hiriko joko bat' erakusketa zabaldu dute Gasteizen

Amarica aretoak Miguel Trilloren Hiriko joko bat erakusketa hartuko du azaroaren 20ra bitarte, Gasteizko World Press Photoren XX. urteurrenaren barruan.

Honelako irudiak topa daitezke erakusketan: punki bat kamerari begira, desafiatzaile, Madrilgo kale batean; samurai elektronikoaren jantzia soinean daraman gaztea, ezpata astintzen Seulen; neska bat bere mila txirikordak erakusten Lurmutur Hirian... Miguel Trilloren arabera, "gazteek kalera ateratzera menturatuta adierazten dute beren askatasuna. Haiek begiratuak izan nahi dute, beren autonomia eta erronka aldarrikatu, beren nortasuna ospatzen duten bitartean". 

Miguel Trillo (Jimena de la Frontera, Cadiz, 1953) 70eko hamarkadan hasi zen gazteak musika ingurune batean irudikatzen. 80ko hamarkadan, Madrilen, Movidako pertsonaia ospetsuak izan zituen jomuga, eta 90eko hamarkadan, Iberiar Penintsula osoko gazteengan jarri zuen arreta. 2000. urtetik aurrera, Afrika, Amerika edo Asiako hiri-tribuetan jarri zuen begirada.

 

Miguel Trillok hainbat museo eta aretotan egin ditu erakusketak, hala nola Bartzelonako MACBAn, Sevillako Centro Andaluz de Arte Contemporáneo zentroan eta Madrilgo Canal de Isabel II aretoan. Azken honek, 2009an, atzera begirako erakusketa handia eskaini zion. Bere lana Madrilgo Reina Sofíaren bilduma iraunkorraren parte da.