Miguel Angel Hernandez: “Irtenbidea ez da errepresioa areagotzea"

Miguel Angel Hernandez: “Irtenbidea ez da errepresioa areagotzea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/miguel-angel-hernandez-irtenbidea-ez-da-errepresioa-areagotzeaquot/@@download/image/21p24-1_1369933765.jpg
2002/07/05
elkarrizketa
Xabier Carrillo
Miguel Angel Hernandez: “Irtenbidea ez da errepresioa areagotzea"
Miguel Angel Hernandez Nafarroako IU/EBko gazte esparruaren koordinatzailea da. Caceresko Hervas herrian jaioa, duela bi urte etorri zen Nafarroara. 26 urtekoa, Miguel Angelek elektronika ikasketak eginak ditu.  

Zein da Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren konponbidea?
Zaila da konponbidea zehaztea. Are gehiago, euskal eta nafar gizartea osatzen duten pertsonen aniztasuna aintzat hartuta. Hala ere, irtenbidea bortizkeria akitzearekin hasten da. Ondotik, autodeterminazioa edo beste edozein alternatiba defendatzen ahal da, betiere egun ditugun erakundeetatik.

Nafarroako Ezker Batua beste inor baino lehen atera zen Lizarra-Garazitik. Bitxia izan zen, zuek alde egin ondoren, EAEko IU/EBk hitzarmenean jarraitu zuelakoz. Zergatik atera zineten?
Nafarroako Ezker Batuak Lizarratik indarkeriaren aurka zegoelakoz alde egin zuen nagusiki. Lizarra ez zen inorako bidea. Euskadiko Ezker Batuak ETAk atentatu bat burutu arte bertan segitzea erabaki zuen. Gure ustez, aldiz, ez zen beharrezkoa atentaturik gertatzea bertatik ateratzeko. Bortizkeriaren alde egiten zuen kolektibo batetik ateratzeko ez zen askorik behar, ezta? Gu elkarrizketaren alde gaude, baina ETA armak uzteko prest ez badago, parte bat besterik ez dago elkarrizketaren alde, bestea ez.

Askotan esan duzue elkarrizketa dela gatazka konpontzeko bidea. Batzuetan, ordea, ez dago oso garbi zeintzuek eta zertaz solastu behar duten...
Alderdi politiko guztiek hitz egin behar dute. Zertaz? Estatu ereduaz. IU/EBk estatu federalaren alde egiten du. Beste batzuek, ez: Batasuna, kasu, beste eredu baten aldekoa da. Beraz, solastu eta konponbidea bilatu behar da. Hala ere, gaur egun, gauzak dauden bezala, ezin da hori egin.

ETA eta Espainiako Gobernua, biak kritikatu izan dituzue. Erdibidean al zaudete?
ETAren eskakizuna, Euskal Herria eratzearen aldekoa, hor dago. Baita gobernu zentralaren inmobilismoa ere: ez du Konstituzioa aldatu nahi, sakratutzat du. Guk Konstituzioa aldatzen ahal dela uste dugu. Bien jarreren erdian gaude, bai.

Dena den, ETAri askotan eskatu diozue karrikan jarrera alda dezan. Espainiako Gobernuari, berriz gutxitan egin diozue antzeko eskakizunik...
Nik ezetz uste dut. Diferentzia bat bada, hala ere: egun, gobernua ez da inor hiltzen ari. Normala da erantzun gogorrena jendea hiltzen ari direnek jasotzea. Hori ETA da. ETAren kontra mobilizatzen gara, ETAk hil egiten duelakoz. Batasunaren aurka, aldiz, ez dugu mobilizaziorik egin.

Hego Euskal Herrian zuen alderdiak bi egitura bereizi ditu; EAEkoa eta Nafarroakoa. Zergatik?
Gure ustez, sentimendu abertzalea ez dago Nafarroa osoan hedatuta. Nafarroako iparraldea EAErekiko hurbilena da. Baina, hegoaldea dago gero, eta han ez dago sentimendu abertzalerik. Iritzi guztiak aintzat hartu behar dira.

Zein iritzi duzue Euskal Herriaren batasunaz?
Zaila da galdera horri erantzuna ematea. Nik, Migel Angel Hernandez bezala, Nafarroako erkidegoaren alde eginen nuke, Euskal Autonomia Erdidegotik bereizita. Kultura, hizkuntza, ohiturak… komunean dituzte, baina Nafarroa Euskaditik bereizitako erkidego gisa ikusten dut.

Zure iritzia da hori. IU/EBk zer dio?
IUk ez du jarrera garbirik azaldu: barne eztabaida sakona egin beharko genuke.

Zer deritzozu Batasunaren balizko ilegalizazioari?
Batasuna legez kanpo uztearen aurka gaude gu, bai federazioa, bai Nafarroako Ezker Batua. Nire ustez, indarkeriaren alde argi eta garbi egiten duten taldeak legez kanpo jartzen ahal dira, baina ez, ordea, ideiak. PPren gobernuaren Alderdien Legearekin ideiak ezabatu nahi dira. Guk ez dugu autodeterminazioaren alde egiten, federalistak baikara. Horrek ez du esan nahi, ordea, jarrera politiko horiek errespetatu behar ez ditugunik. Hautestontziek erabakiko dute ondoren herriak zer nahi duen.