Migratzaileen errealitatera hurbiltzen duen 'Ihesi zilegi balitz' erakusketa jarriko dute martxoan Donostiako Bulebarrean
Gari Garaialde (Irun, 1972) eta Javi Julio (Donostia, 1978) argazkilariek bultzatu dute Ihesa zilegi balitz izeneko egitasmoa, Irundik muga zeharkatzen saiatzen diren pertsonen egoera ikusarazteko asmoz. Azken bost urteotan 25.000 pertsona inguruk zeharkatu dute muga modu klandestinoan eta bederatzi lagun hil dira.“Pertsona bakoitza ihes egitera behartzen edo bultzatzen duten arrazoiak gorabehera, inork ez du merezi hiltzea bizitza hobea izan nahi duelako. Zilegi balitz ihes egitea, erakusketaren izenburuak dioen bezala, hori ez litzateke gertatuko”, azaldu dute.
Erakusketak u formako sei egitura ditu eta bakoitza hiru argazki olanez osatua dago. Bidasoako muga zeharkatzeko migratzaileek egiten duten ibilbidea erakusten du, errealitate hori testuinguruan jarrita. Urrunagoko errealitateak ezagutzeko aukera ere bada, ordea, Melillan (Espainia), Lesbosen (Grezia), Zarzisen (Tunis), Angersen (Frantzia), Biella eta Pozallon (Italia) eta Mediterraneoan hartutako irudiak ere bildu baitira. Irudien artean, hain zuzen, 2019ko azaroan Aita Marik egindako lehen erreskate-operaziokoak daude. Argazkiak euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuekin eta mapekin tartekatuko dira.
Garaialde eta Julioren argazkiez gain, Mikel Oibarren (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaen, 1988) irudiak ere badira. Susana Fernandez (Irun, 1983) arduratu da erakusketaren diseinuaz, eta testuak Kristina Berasain (Lizarra, 1973) kazetariak idatzi ditu.
Erakusketa Donostiako bulebarrean ikusi ahal izango da martxoaren 5etik apirilaren 7ra arte. Gainera, Gari Garaialdek eta Javi Juliok bisita gidatuak eskainiko dituzte eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena hemen.