Migranteak hiritartasuna lortzeko lehian aritzeko telebista saioa egitea aztertzen ari dira Estatu Batuetan

Estatu Batuetako Barne Segurtasun Sailak Rob Worsoff ekoizle kanadar-estatubatuarrak asmatutako telebista saio baten proposamena jaso du. Saio honetan Estatu Batuetako migranteak elkarrekin lehian arituko lirateke "estatubatuarrena" zein den erakutsi nahian.
Barne Segurtasun Sailaren bozeramailea den Tricia McLaughlinek azaldu duenez, "proiektuak estatubatuar izatea eta Estatu Batuetako hiritar izatearen pribilegioa ospatu nahi du".
Lehiakideek hainbat probari aurre egin beharko liekete, esaterako Ford auto bat berreraiki, urre-meatzean lanean aritu edota suziri bat muntatu eta jaurti. Kultura orokorreko galderak eta erronka zibikoak ere izango omen lirateke.
The American izeneko saioaren atal bakoitzak ordubeteko iraupena izango luke eta amaieran lehiakide bat kanporatuko lukete. Azken atalean lehiakideetako batek Estatu Batuetako hiritar gisa zin egingo luke. Worsoffek adierazi du inori ez diola bere prozesuan eragingo eta ez dutela inor herrialdetik kanporatuko.
New Yorkeko Ellis irlan kokatu nahi dute saioa, bertan lehorreratu baitziren miloika atzerritar XX.mendean. Trenean mugituko lirateke herrialdean zehar eta atal bakoitzaren bukaeran eserleku bat kenduko lukete.
Urtean ehundaka proposamen jasotzen omen ditu Barne Segurtasun Sailak eta Worsoffen proiektua aztertzen ari dira orain, baiezkoa ala ezezkoa eman aurretik.