Michaela Coel: Traumatik (askoz) harago

Michaela Coel: Traumatik (askoz) harago Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi HBO-n ‘I May Destroy You’ telesaila estreinatu berri duen Michaela Coel-en izena. Aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzkoa. Baina telesail konkretu horretatik harago, nor da Michaela Coel? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/michaela-coel-traumatik-askoz-harago/@@download/image/Screenshot_2020-07-07 michaela coel - Google Bilaketa.png
2020/07/07

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi HBO-n ‘I May Destroy You’ telesaila estreinatu berri duen Michaela Coel-en izena. Aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzkoa. Baina telesail konkretu horretatik harago, nor da Michaela Coel?
Michaela Coel: Traumatik (askoz) harago

Nor da?
Kulturaren barruan #MeToo mugimenduko erreferenteetako bat bihurtu den pertsona da. Ghaniar jatorriko emakume honek 28 urterekin idatzi eta protagonizatu zuen Chewing Gum telesaila, Londresko areto txikietan sekulako arrakasta izan zuen bere antzezlan baten egokitzapena dena, Chewing Gum Dreams. Neurri batean, bere ibilbidea, Phoebe Waller-Bridge-renarekin alderatu daitekeen arren
–gidoilari, zuzendari eta aktore lanak uztartzen dituelako beti ere genero ikuspegiari indarra emanez– Coel Fleabag-en sortzailea baino askoz politikoagoa dela uste dut.

Zergatik ezagutu?
Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta eraikitzea lortu duelako bere obra eta hitzaldietan. Gainera, bere proiektuak eremu oso pertsonaletik eraikitzen dituelako, erraietatik loratzen zaizkion bizipenak helduleku gisa erabiliz, ikuspuntu errealista eta berritzailea osatzeko. 2018an, Chewing Gum telesailean gidoilari gisa lanean ari zela adibidez, sexu abusuak jasan zituela salatu zuen aktoreak. Edinburgoko jaialdian eman zuen hitzaldi batean, Coelek testuinguruan jarri zituen sexismoa eta ikus-entzunezkoen industrian berezkoa den arrazakeria. Zaplazteko galanta eman zion autokonplazentziazko britainiar industriari, eta bere lankide ohi askori. Hori gutxi balitz, gaueko klub batean sexu erasoa jasan ondoren, bizitza aldatu, gertatutakoa onartzeko borrokan bere burua aurkitzeko bidaia hasi eta hortik sortu zuen estreinatu berri duen I May Destroy You telesaila. Bera, trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta neurri batean nahiko iraultzailea.

Ezinbestekoak:
Aktore moduan:
Black Mirror (2017).
Chewing Gum (2015-2017).
Black Earth Rising (2018).
I May Destroy You (2020).
Zuzendari eta gidoilari moduan:
I May Destroy You (2020).

FITXA TEKNIKOA:

Izena: Michaela-Moses Ewuraba, profesionalki Michaela Coel.
Jaioterria: Aldgate (Erresuma Batua).
Jaiotza data: 1987ko urriaren 1a.
Ogibidea: Zuzendaria, gidoilaria, aktorea, poeta eta kantautorea.