Michael Jackson: disko baten hamaika errebueltak

Michael Jackson: disko baten hamaika errebueltak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/michael-jackson-disko-baten-hamaika-errebueltak/@@download/image/12p12-1.jpg
2001/10/05
erreportajea
Asier Leoz
Lehendabizi "Bad", gero "Dangerous" eta orain "Invincible". Michael Jackson itzuli da baina, prest al gaude XXI. mendeko soinurako? Edo benetako beharra al dugu?

Iragan uztaila. Sony Music International etxea, New York. Konpainiako zortzi gizon mahai batean eserita daude. Tony Mottola nagusiak minidiskaren play tekla sakatu du. Balada bat dirudi, gaur egun R&B; izena duen horren modukoa. Lehendabizi pianoa sartu da, gero ahotsa eta... klak! "Hori da estrofaren zatia" – dio nagusiak – "orain estribilloa". Beste 30 segundu, eta… klak! Zazpi kantu horrela entzun ondoren, zortzi gizonek Sony-k une horretan eman dezakeen informazio guztia jaso dute nagusiaren ahotik: "diskoak 15 abesti izango ditu, agian 16. Haietako batek "Rock my world" edo "You rock my world" izena izango du. Lan osoari dagokionez, izenburua "I" hizkiaz hasitako hitz bakar batez osatuta dago.
Argitaratze data irailaren 25a izango da. Badakizue, honi buruz txintik ere ez".

Abuztuaren 17an interneten Michael Jackson-en disko berriaren izena "Unbreakable" dela diote. WKTU irratiak "You rock my world"-en kopia bat lortu eta baimenik gabe aireratu du. Jacksonek berak telefonoa hartu eta irratiko arduradunari errieta egin dio. Bide batez, misterioa argitu du: diskoak "Invincible" izena izango du, eta ez "Unbreakable"

"You rock my world"-en kopia edonork eskura dezake sarean. Beraz, disketxeak berea aurreratzea erabaki du. Irailaren 6an atera zen, 29an izan beharrean. Michael Jackson-ek 29an kaleratu nahi zuen, bere urtebetetze eguna baita. Bideoa irailaren lehen astean estreinatu zen eta mafia klasikoan girotuta dago. Marlon Brando eta Benicio Del Toro bertan daude.

Jermainek Michaeli deitu dio: The Jackson Five musikan aritutako 30 urteak ospatzeko taldea elkartzea ongi iruditzen zaio, baina sarrerak 400 mila pezetatan ipintzea, gehiegitxo. Sarrerak bere horretan utzi dira, baina emanaldiaren buruan, Madison Square Garden osoak aho batez "We are the world" kantatu du, kanpoan gelditutakoek gogoan zituztela jakin zezaten. Aurretik, kontzertu hasieran, Jackson Elizabeth Taylorrekin, Macaulay Culkinekin eta azken honen gurasoekin azaldu da eskenatokian. Unerik hunkigarriena, ordea, ez da hori izan, Michael-ek, bere anaiak eta Britney Spears lagun zituela, "The way you make me feel" abestu duenean baizik.