Michael Ende: Irudimenaren antidotoa

Michael Ende: Irudimenaren antidotoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Michael Ende: Irudimenaren antidotoa
Badira gaztaroan markatzen gaituzten liburuak. Gure bizitzara betiko iltzatuta geratzen diren fikzioak. Norbaitek esan zuen moduan, liburuak giza adimenaren sorterria badira, ezin ukatuko dut Michael Ende izan zela nire lehen paradisua sortu zuena —Tolkien ahaztu gabe, jakina—. Momo, Kasiopea dortoka, Orduen maisua, Beppo zabor-garbitzailea, Gigi ipuin-kontalaria, gizon grisak, Atreyu, Bastian, Fujur… Gazte askoren erreferente izan dira pertsonaia hauek guztiak; irudimenezkoak baino, ia-ia egiazkoak. Nork ez ditu irakurri, edo sikiera entzun, "Istorio amaiezina" edo "Momo"? Bi liburu hauek mitoaren kategoriara igo ditu denboraren joan etorriak. Hainbat belaunaldiren sorterri bilakatzeraino. 
1929an jaio zen Ende Alemaniako Garmisch-Partenkirchen hirian. Edgar Ende margolari surrealistaren seme, nabari izan zen aitaren eragina semearen heziketan. Gerra eta mina ezagutu zuen aita hark erakutsi zizkion semeari bizitzaren edertasuna eta magia. Michaelek Municheko Kamera Antzerki Eskolan burutu zituen ikasketak, eta antzerkiaren alorrean eman zituen lehen pausoak. Aktore, zinema-kritikari eta gau-klubetako emankizunen gidoigile modura. 
1960an kaleratu zuen lehen lana, "Jim Botoi eta Lucas makinista". Honek izan zuen arrakastari esker, antzerki eta zine mundua bazter utzi, eta idazten hasi zen. Ondoren sortu zituen "Amets-jalea" edota "Jojo, pailazo baten historia" (Desclée de Brouwerrek euskaratua) narrazioak edota "Ispilua Ispiluan" eta "Askatasun presoa" ipuin bildumak. 
Haurrentzat eta gazteentzat idatzi zuen bereziki Endek. Etorkizunean helduen mundu aldrebesa aldatzeko ahalmena izango zuten bakarrak zirelako. Iparra galtzen ari den gizarte kontsumitzailearen noraeza salatzeaz gain, noraeza hori gainditzeko antidoto eraginkorra proposatu zuen idazleak: irudimena. Irudimena, noski, ez da soilik haurren kontua. Helduek baliatuko bagenu, ez geundeke hain mundu tristean.   
1995ean hil zen Ende. Espero dezagun ez dadila berarekin desagertu irudimena. Antidoto xume horren beharra badugu eta.