Mia Wasikowska: Arima begietan

Mia Wasikowska: Arima begietan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/01/06
erreportajea
Aitor Abaroa
Mia Wasikowska: Arima begietan
Esne azala, begirada lotsatia, irudi hauskorra... portzelanazko panpina. Miloren Venusa izan zitekeen. Edo Vermeeren Perladun Neska. Edo Brönteren Jane Eyre. Edertasun klasikoa, artistikoa.


Gurasoak argazkilariak, bederatzi urterekin sartu zuten ballet klaseetan eta hamahirurekin eskolatik atera ostean gaueko bederatziak bitartean entsegatzen zuen ispilu aurrean, astean 35 orduz, lesio batek behartuta utzi behar izan zuen arte. Talentua bazuen, diziplina ere bai, eta hala, Googlen bilatutako hamabi zine-agenteetatik batek onartu zuenean, aktore ibilbideari ekin zion Miak.

Artista kontsakratu baten musa bihurtzea baino bide hoberik ez dago zinearen munduan arrakastaz beteriko bideari ekiteko. Tim Burton maisuak bere Alizia behar zuen, bakarra, berezia, berea. Eta milaka hautagairen artean, Mia aukeratu zuen, “arima zaharra duelako, pertsonaiari begietara begiratu eta bizkar gainean daraman guztia ikusi dezakezulako”. Alice in Wonderland 2010ean estreinatu zen eta Mia aktore  gazteen zerrendan lehen postuetan jarri zuen.

Literatura klasikoa ezin hobeto doakio. Hain zuzen ere, abenduan estreinatu dute Jane Eyre eta modako aktore Michael Fassbenderrek ezin izan dio itzalik egin. Are gehiago, Glenn Close zoragarriaren alboan ere maila eman du hilabete honetan estreinatuko duten Albert Nobbs filmean. XIX. mendeko jantziak hobeto geratzen zaizkion aktore gutxi izango dira.

Eta aurrera begira, zer? The Road (2009) ilunaren zuzendari John Hillcoaten esanetara eta Shia LaBeouf izarraren alboan The Wettest Country in the World estreinatuko du aurki. Gainera, zuzendari independenteen artean guru den Jim Jarmuschen hurrengo filmean ere izango da. Eta hori gutxi balitz, Mendekuaren Trilogiarekin mundu zabalean ezagun egin den Park Chan-Wook korearrak Hollywooden egingo duen lehen filmean protagonista izango da, Nicole Kidman amaren paperean duela. Stoker izango du izenburu eta Drakularen sortzaile Bram Stokerren mundu literarioan barneratuko da. Klasikoen arima eta gorputz.

Nortasun Agiria


Izena: Mia Wasikowska
Jaioteguna: 1989-10-14
Jaiolekua: Canberra (Australia) 
Aktore kuttuna: Holly Hunter
Film maiteena: A Woman Under the Influence (John Cassavetes, 1974)
Maite du: Argazkilaritza eta banillazko tea.
Gorroto du: Kortsea janztea.